Irabazi Donostia udal-taldearen ustez (Ezker Anitza-EB, EQUO Berdeak alderdiek eta independenteek osatutako plataforma), EAJ-PSE Udal Gobernuak aurkeztutako Etxebizitza Planak “argi-ilunak” dauzka. “Alde positiboak baditu, baina beste batzuk sakonetik berraztertu behar dira”.
Planak neurri positibo batzuk bildu ditu Ezker Anitza-IU, EQUO Berdeak eta Ahal Dugu alderdiek prestatutako etxebizitzaSOSvivienda.org kanpainan bildutako proposamenei erantzuteko, hala nola etxebizitza-kooperatiben sorkuntza bultzatu beharra edo etxebizitza handiak banatuz etxebizitza txikiagoak antolatzeko erraztasunak ematea.
Alabaina, Planak ez du hutsik dauden etxebizitzen aurka borrokatzeko “anbiziorik”, ez duelako inolako neurri zehatzik aurreikusi udal-erroldaren arabera okupatu gabe dauden 3.900 etxebizitzak herritarren eskura jartzeko.
EQUO Berdeak alderdiak koalizioan duen zinegotzi Loïc Alejandrok salatu du, halaber, energia-efizientziaren gaia “guztiz baztertu dela”. “Aurkeztutako planak ez dio gai horri heltzen. Guztiz ulertezina da, jasangarritasun-plan guztiek gai horren zeharkakotasuna azpimarratzen dutelako, eta energia-efizientziako neurriak, etxebizitza-parkea hobetzeaz gain, familien energia-faktura murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko lagungarri direlako”.
Irabazi Donostia lanean ari da jada Etxebizitza Plana hobetzeko egin beharreko ekarpenak aztertzeko.