EQUO Berdeak taldeak espero du legealdi honetan Gasteizko Mendiak Parke Naturalari behin betiko bultzada emango zaiola

  • Alderdi ekologistak prozesu hori desblokeatzea eta behin betiko bultzada ematea eskatzen du
  • EQUOk Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide José Ramón Becerrak epeak bizkortzea eskatu du eta babestu beharreko espazio osoari eustea, 2012ko Planean aurreikusten zen bezala.

Ingurumen sailburuordeak Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldiaren ondoren, non Gasteizko Mendientzako Baliabide Naturalen Ordenamendu Plan bat onartzeko prozesu berri baten irekiera iragarri duen, Eusko Alderdi Jeltzaleak 2013an geldiarazia, EQUO Berdeak taldeak prozesu hori desblokeatu eta behin betiko bultzada jasotzea erreklamatu du, Gasteizko Mendiak Gune Natural Babestua izan daitezen legealdi honetan. Zentzu horretan alderdi berdeak pozik hartu du Eusko Jaurlaritzaren iragarpena, zuhurtziaz bada ere, espazio horren inguruan aurretik jasandako desengainuaren ondoren.

Ingurumen sailaren aldetik eremu horretarako babes-irudia eztabaidagai den arren, EQUO Berdeak taldearen iritziz irudi egokiena Parke Naturalarena da, izan ere herritarren partaidetza eta jarraipen zorrotzagoa ahalbidetzen du. Eztabaidak jarraitzen duen bitartean, eremuko espazio kalteberenen babesa, bai eta babes horrekin bateragarri egiteko eskualdean gauzatzen diren giza jardueren erregulazioa, geldituta daude aldebakarreko erabaki politiko batengatik, Vitoria-Gasteizko udalaren, Arabako Batzar Nagusien eta Eusko Legebiltzarraren borondatearen aurka.

Talde ekologistarentzat funtsezkoa da legealdi honetan zehar jardunei ekiteko epeak arintzea. Horixe adierazi du batzordean EQUO Berdeak taldeak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide José Ramón Becerrak. “Beharrezkoa da zer epeei buruz ari diren hizketan argitzea, bestela honek betikotzeko arriskua dauka”.

EQUO Berdeak taldeak eremuak ingurumenaren eta kulturaren aldetik duen babestu beharreko balio handia gogorarazi du, mehatxupeko 51 espezie dauzka, arrarotasun eta berezitasun handiko 15 landa-komunitate, 14 aztarnategi arkeologiko edota 19 eraikuntza erlijioso,  ondare natural eta kultural handi bat. “Inguru honek badu Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE/ZEC) bat baino gehiago izateko maila. Parke Naturalaren irudiari eutsi behar zaio”, azpimarratu du Becerrak.

Horrez gain, taldeak hasieran ezarritako babestu beharreko azalerari eustea ere eskatu du. Alderdi berdearentzat, eremuaren mugaketaren ebaluazio berri batek hainbat arrisku ekartzen ditu. “Beherantz mugatzen bada, hainbat eremuk presio handiagoa jasango dute eta horrek eremu horien desagerpena eragin dezake. Gasteizko Mendiek babes-eremu periferiko zabal bat behar dute, datozen belaunaldientzat inguru hori ondo konterbatuta egongo dela ziurtatzeko”, adierazi du Becerrak. Legebiltzarkide berdearentzat penagarria da “XXI. Mendean eremu natural baten babesa arazo bezala tratatzea eta ez aukera bezala”.