-
EQUOko bozeramaile eta Unidos Podemoseko Arabako diputatu denak Madrili eta Lakuari eskatu die trenbidea guztiz lurperatzea erabaki dezatela, auzo berriak eta salgaiak barne.
-
Arabako Lautada, nekazaritza-sektorea eta balio naturalak babesteari lehentasuna eman beharko litzaioke makroazpiegitura horiek planteatzerakoan.
Juantxo López de Uraldek, Arabako Batzar Nagusietako Podemoseko Batzarkide Taldeko bozeramaile Arantxa Abeciarekin eta EQUO Berdeak eta AHAL DUGU Euskadi alderdietako toki-ordezkariekin batera egindako prentsaurrekoan iragarri duenez, Sustapen Ministerioari eta Eusko Jaurlaritzari idazki bat aurkeztu diete Abiadura Handiko trenbidea Gasteiz osoan lurperatzeko erabakia har dezatela eskatzeko, eta ez soilik aurreikusitako 500 metroetan. Arabako diputatuak ziurtatu duenez, egungo proiektua “opari pozoitua” da hiriarentzat eta Lautadarentzat, arazo gehiago dakartzalako konponbideak baino. Hala eta guztiz ere, diputatu berdearen iritziz, proposamen hori “ez da Eusko Jaurlaritzak eta De la Serna ministroak saldu nahi ziguten proiektu handia”.
López de Uraldek azpimarratu duenez, Gasteiz Frantzian barrena Europako Iparraldearekin lotuz Europar Batasunak garatu nahi duen trenbide-autobiderako proiektuak konponbide integrala eta osoa behar du salgaiak Jundizetik euskal Yra eramateko, eta zoritxarrez egoera horri ez zaio oraindik heldu.
Sustapen Ministerioa Gasteizerako aztertzen ari den lurperatzeak auzo berriak baztertzen ditu, eta gainera, salgaien trafikoa errepidetik trenbidera eramateko inolako konponbiderik ez dakar. “Zer nahi du Ministerioak? Zabalganako eta Salburuko auzokoek, egunero-egunero, salgai-trenen joan-etorria pairatzea, tren bat 5 minuturo (12 tren orduro) eta 20 orduz egunean, tren bakoitzak gutxienez 10 bagoi daramalarik?. Zentzugabekeria da”, adierazi du diputatu berdeak.
Ildo horretan, López de Uralderen ustez lurperatze-proposamen horrek ez du balio, bidaiari eta salgaietarako igarobide bakarra ezartzeko premiari ez diolako erantzuten, eta, beraz, gizarte- eta ingurumen-inpaktua murrizteko biderik ez duelako ematen. Gainera, ez dute aurreikusi lurpeko ibilbidea trenbideetatik gertuko hirigune guztietara hedatu beharko litzatekeela, eta bereziki trenbideetatik 500 metro baino gutxiagora dauden eraikinetara, horrela azpiegituraren haritik datozen molestia eta arriskuak saihesteko.
Horregatik, EQUOko bozeramaile eta Unidos Podemoseko diputatu denak proposatu du informazio-azterlana berriz planteatzea, eta hirigune osoan bidaiari-bideak eta trenbide-autobidea lurperatzeko aukera eta horrek ekonomian, gizartean eta ingurumenean edukiko lukeen inpaktua aztertzea. “Diputatuen Kongresuan zein Eusko Legebiltzarrean gure esku dagoen guztia egingo dugu proiektu bidegabe horrek aurrera jarrai ez dezan. Gaur hemen, EQUOk eta Ahal Duguk adierazi nahi dugu gure esku dagoen guztia egingo dugula salgaien igarobideari dagokionez Gasteizek merezi duen konponbidea eduki dezan”.
Bestetik, Ahal Duguko batzarkide Arantxa Abeciak Sustapen Ministerioari erantzukizunez joka dezala eskatu dio, “han eta hemen abiadura handiko proiektuak saltzen ari delako aurrera eramatea ezinezkoa izango dela ondo dakien arren”. Arabako Lautada, nekazaritza-sektorea eta balio naturalak babesteari lehentasuna eman beharko litzaioke makroazpiegitura horiek planteatzerakoan. Abeciak espero du Arabako lurraldearentzat hain kaltegarri diren Gasteiz-Iruñea eta Miranda-Logroño lotune-proiektuak, lehenago edo geroago, bertan behera uztea.