EQUO Berdeak alderdiak ohartarazi du Gardelegiko lindanoari aurre egiteko lanak are gehiago atzeratzeak dakartzan arriskuen inguruan

  • Alderdi ekologistaren ustez, Udalak aurkeztutako neurri zuzentzaileen proposamenaren arabera, jardunak beranduegi hasiko dira

EQUO Berdeak alderdiak Gasteizko Udalari eskatu dio Gardelegiko zabortegian detektatutako lindanoari aurre egiteko lanak lehenbailehen has ditzala. Zigilatzea hobetzeko eta lixibiatua neurtzeko lanei lehenbailehen heldu behar zaie, gehiago berandutu gabe, eta lixibiatuen tratamendurako planta bat ere ezarri behar da.

Alderdi ekologistaren ustez, Udalak aurkeztutako neurri zuzentzaileen proposamenaren arabera, jardunak beranduegi hasiko dira. Udalak berak onartu duenez, egikaritze-epeei dagokienez desadostasunak izan dira udal-teknikarien eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumeneko langileen artean, azken horien ustez epeak aurreratu behar zirelako udal-erakundearen proposamenean planteatutakoen aldean.

2017ko maiatzean Gobernuak honako egikaritze-planteamendu hau ezarri zuen: 6 hilabete zigilatzea hasteko; 2 hilabete arazteko proposamen teknikoa prestatzeko; hilabete 1 kontrol-kutxatila bat eta emari-neurgailu bat jartzeko; 6 hilabete HCH analisien txosten bat egiteko.

Hau da, zigilatzeko lanek joan den azaroan hasi behar zuten, baina gaurko egunean, neurtzeko sistema eraikitzeko aurreproiektua baino ez da idatzi. Udalaren arabera udaren hasieran egikarituko den obra ere ez da oraindik kontratatu.

Plantako lohien gainean egindako laginari buruz Uraren Euskal Agentziak egindako buletin analitikoaren arabera, HCH mailak detekzioko atalase-mailaren azpitik daude, baina hala eta guztiz ere EQUO Berdeak alderdiak uste du isurian gorabeherarik ez izatea lehenbailehen saihestu beharra dagoela.