- Oscar Fernándezek ohartarazi duenez, 2017an Gasteizko ATERPEAK % 90etik gorako okupazioa izan zuen batez beste, eta Harrera Sozialerako Udal Zentroak, berriz, % 95eko okupazioa.
Oscar Fernándezek salatu duenez, gizarte-zerbitzuak saturatuta daude, eta zehazki harrera-baliabideak, hau da, Aterpe Gaueko Zentroa (2017. urtean % 90etik gorako okupazioa batez beste) eta Harrera Sozialerako Udal Zentroa (% 95), apirilean eta irailean okupazioa % 98tik gora ibili delarik. Hori gutxi balitz, 8 ohe galdu dira Aterpea berritzeko lanen ondorioz, 2017ko martxoan Ezker Anitza-IU eta EQUO Berdeak alderdien ekimenak salatu zuenez.
“Aterpean eta Harrera Sozialerako Udal Zentroan izaten diren saturazioa eta egonaldi luzeak Gizarte Politiken Sailaren porrotaren isla dira. Askotan azpimarratu izan dugu beharrezkoa dela egonaldi ertaineko eta autonomia pertsonala sustatzeko baliabide sozialak sortzea, artatutako pertsonen arazoak eta gizarte-bazterkeriaren maila areago ez daitezen eta komunitatean txertatuta bizitzeko aukera izan dezaten. Asistentzialismoa alde batera utzi eta sustapen-lanean jarri behar da arretagune nagusia”, azpimarratu du Oscar Fernándezek.
Gainera, IRABAZIK berriz ere salatu du Udalak eta Aldundiak jarraitzen dutela gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak nola artatu behar dituzten argitu gabe (kategoria arin, moderatu eta larrian banatzen dira legeriaren arabera), Zorro Dekretua onartzetik eratorritako eskumenen banaketa atzeratzen jarraitzen dutelako. 2018ko amaiera da ezarri duten data berria.
“Udal Gobernu hau gure gizartearen pertsona kalteberenak arriskuan jartzen ari da, plangintza txar baten ondorioz. Bidezkoa al da udal-zerbitzuetan oheak galtzea saturatuta eta alternatibarik gabe daudela aintzat hartuta? Erantzuna EZEZKO biribila da. Udalari eta Aldundiari eskatzen diegu baliabideen banaketa behingoz itxi dezatela, eta pertsona horiei behin betiko konponbide egoki bat eman diezaietela. Ez dezagun ahaztu gure gizartearen maila kalteberena direla”, amaitu du IRABAZIKO zinegotziak.