Proposamena Legazpin: klausula sozialak eta ingurumen-arlokoak sartzea udalaren zerbitzuen edo obra publikoen agirietan

  • IRABAZI GANAR LEGAZPI koalizioan EQUO Berdeak-ek duen zinegotziaren ekimenez, udaleko Osoko Bilkurak azpikontratatutako langileen osasuna eta segurtasuna zaintzeko klausulak sartzeari buruz eztabaidatuko du

 

Eusko Legebiltzarrak onartutako kontratazio publikoan zenbait klausula sozial sartzeko den apirilaren 7ko 3/2016 Legea kontuan izanik, IRABAZI GANAR LEGAZPI koalizioan EQUO Berdeak-ek duen zinegotziak eztabaida ireki du Gipuzkoako udal horretan. Alberto Bezunarteak korporazioari proposatu dio klausula sozialak eta ingurumen-arlokoak sartzea Legazpiko udalaren zerbitzu edo obra publiko guztien agirietan Xede horrekin, otsaileko osoko bilkuran eztabaidatu beharreko mozio bat aurkeztu du hainbat punturekin.

Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Legeak toki-erakundeei aukera ematen die klausula horiek euren kontratuetan sartzeko eta, era horretan, udalerrian zerbitzuak eman behar dituzten enpresak zehazteko unean irizpide sozialak kontuan izateko. Klausulak betetzen direla bermatzeko, Bezunarteak planteatu du Legazpiko Udalak jardun-protokolo bat gara dezala, agirietako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoak diren neurriak ezar daitezen.

Era berean, eskatu du udaleko teknikariek, kargu politikoek eta herritarrek osatutako lantalde bat sor dadila, agirietan sartu behar diren testuak garatzeko, aplikatu behar diren klausula sozialak eta ingurumen-arlokoak, kontuan hartutako kontrol- eta egiaztapen-neurriak eta ez-betetzeen kasuan ezarri beharreko isunak zehaztuz.