EQUO Berdeak bat dator eta bere egiten du EQUO Emakume Sarearen manifestua martxoaren 8ko greba babestearen alde

EQUO Emakume Sareak martxoaren 8ko greba feminista babestu du

EQUO Emakume Sareak babesa eskaini dio datorren martxoaren 8rako mugimendu feministak deitu duen greba orokorrari. Iaz babestu genuen, lehenbiziko deialdian, eta aurten berriz ere babesa emango diogu, gure lurraldean eta estatuan eratutako lantaldeetan aktiboki parte hartuz. Halaber, EQUO Emakume Sareko kideok erabaki dugu, guztion artean adostu ondoren, Mugimendu Feministak planteatutako grebarekin bat egitea eta greba sustatu eta babestea.

Deialdiarekin bat egiteko arrazoi ugari dauzkagu, emakumeok bizirik egon nahi dugulako, lan prekarioak eta ordainsari txikiagoak jasotzeaz nazkatuta gaudelako, gure askatasun eta eskubideak ziurtatzeko politikak nahi ditugulako, gure duintasunaren alde.

Ordaindutako lana duten emakumeek egin dezaketen lan-grebaz gainera, emakumeok greba egingo dugu, halaber, etxeko eremuaren barruan eta ordaindu gabeko eta ugalketako lanaren eremuan, lan horren zama handiena gure bizkar gainean geratzen delako oraindik ere, inolako aitortzarik eta konpentsaziorik jaso gabe gainera. Hezkuntza-eremuaren barruan ere ikasle-greba izango da, eta ekonomia-mailan, berriz, kontsumo-greba. Azken hori bereziki esanguratsua da guretzat, produkzio-eredu kapitalistaren eta politika ekonomiko neoliberalen aurka gaudela nabarmentzeko lagungarri den heinean.

M8ko Batzordeko orri ofizialean kontsulta daitezke greba modurik eraginkorrenean gauzatzeko gomendioak.

Emakume guztiak gonbidatzen ditugu martxoaren 8ko izaera erreibindikatzailea eta funtsezko espiritua berreskuratzera. Genero-desberdintasunaren eta emakumeen aurkako gorroto-delituen salaketan jarri beharko litzateke arretagune nagusia urteko egun seinalatu horretan. Hala ere, gero eta sarriagotan ikusten dugu sistemak gune hori neutralizatzeko joera duela, merkatuan xurgatuz eta sentsibilitate kritikorik gabeko jaialdi baten parean jarriz. Greba gure espazioaz birjabetzeko eta haren eduki-hustuketa saihesteko modu bat da, erresistentziako, gizartea kontzientziatzeko, sororitateko eta borroka kolektiboko modu bat. Eta gure NAHIKOA DA! oihua ere bada. Emakume izateagatik matxismorik, bortxaketarik eta erailketa gehiagorik ez! Uko egiten diogu gaizki tratatzen gaituen patriarkatuaren baitan produzitu, ugaldu eta kontsumitzeari.

Gu gelditzen bagara, mundua geldituko da