UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeak Segurtasun Plana adostasunetik urrun ikusten du
Gobernuaren proposamenak ez du onartzen auzoen artean desberdintasunik dagoenik
Podemos, Ezker Anitza – IU eta Equo Berdeak osotzen duten koalizioak atzo arratsaldean alde biko bilera bat izan zuen Tomás del Hierro Segurtasuneko zinegotziarekin eta Adolfo Alustiza, Bilboko Udaltzaingoaren zuzendariarekin. Bilera ostean Carmen Muñoz, UdalBerriren bozeramaileak eta EQUOkide, adierazi du oraindik oso urrun daudela adostasunetik. “Ez dugu uste gai honetan funtsezkoena zenbat zuzenketa onartu diren eta zenbat ez zenbatzea denik. Ituna salerosketa soil bihurtzea litzateke hori”, adierazi du.
UdalBerrirentzat funtsezkoena da gure Hiri Segurtasuneko planteamendua onartzea, herritarren segurtasunean, erdiguneko polizia ez ezik, alderdi soziala eta hirigintzakoa ere kontuan hartuz. “Udal-gobernu honek, ordea, auzoen artean desberdintasunik dagoenik ez du onartzen, eta, beraz, ez dio horri heldu nahi”, kritikatu du.
Koalizioarentzat funtsezkoa da prebentzioaren, zehapenaren eta kohesio sozialaren artean oreka bat lortzea. “Zirriborro-fasean badago ere, gure ustez Itunak ez du oreka horretara daraman neurririk planteatzen”, azpimarratu du.
“Alkatea eta Segurtasuneko zinegotzia kinka larrian daude orain, prebentziorik ezaren eta auzokoen eskaerei entzungor egin izanaren ondorioz. Baina guk uste dugu hobe dela itunean poliki-poliki aurrera egitea presaren presaz egitea baino. Bilbok asko du jokoan itun honekin, eta interes alderdikoi eta elektoralisten gainean jardun behar dugu une oro”, gaineratu du.