Irabazi Barakaldo taldetik salatu da ekaitzetarako andelaren proiektuari buruzko informazioa ezkutatu izana

  • Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hiru aldiz ere ezkutatu zion koalizioari behin betiko proiektuari buruzko informazioa
  • EAJk gehiengo zabalaz kontrolatzen du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren batzarra, eta ekaitzetarako andelari buruzko informazioa ezkutatu die gainerako taldeei

Irabazi Barakaldok salatu du EAJk informazioa ezkutatu eta manipulatu izana Galindoko ekaitzetarako andelaren proiektuaren harira. Diotenez, udal-batzordearen duela gutxiko bilera batera itxaron behar izan dute Barakaldoko Udalak, ekaitzerako andelaren proiektuagatiko konpentsazio gisa, gutxi gorabehera 1.250.000 euro jaso dituela jakiteko.

Ezker Anitza-IUk, EQUO Berdeak alderdiak eta independenteek osatutako ezkerreko koalizioak argitu duenez, hiru aldiz ere jo zuen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergora informazio eske, baina ahalegin guztiak ustelak gertatu ziren. Koalizioko zinegotzi eta EQUO Berdeak alderdiko kide Ramón Sánchezek jakinarazi duenez, “orain bi hilabete jakinarazi ziguten informazio guztia alkatearen esku zegoela, eta alkateak gainerako taldeei emango ligukeela proiektuaren berri”. Alabaina, ostiralean azaldutako hitzarmena da oposizioko taldeei jakinarazi zaien lehen informazioa, eta obrari buruzko xehetasunek ezkutuan jarraitzen dute oraindik ere.

Irabaziren ustez, EAJk “modu alderdikoian” erabiltzen du informazio hori. Izan ere, gainerako taldeei proiektuaren berri ematen ez badie ere, Gobernu-taldeak zenbait prentsa-ohar egin ditu dagoeneko konpentsazio-funtsen norainokoa iragartzeko. Sánchezek baieztatu duenez, “are mingarriagoa da gu Partzuergoko batzarreko kide eta kontu-batzorde bereziko kide ere bagarela aintzat hartuta”. Gainera, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak bere prentsa-oharrean nabarmendu duenez, “proiektua urtebetean baino denbora gehiagoan berrikusi eta adostu da Barakaldoko Udalarekin”, eta denbora horretan ez dira behin ere harremanetan jarri udalerriko gizarte-erakundeekin edo udal-taldeekin inolako argibiderik edo kontsultarik egiteko.

Galindoko ekaitzetarako andelak 70 milioi euroko inbertsioa suposatzen du, besteak beste, Arteagabeitia-Zuazoko uholde-arazoak konpontzeko. “Ez dezagun ahaztu horren guztiaren jatorrietako bat zein den: neurrigabeko hirigintza eta Galindo ibaiaren ibarra suntsitu izana.”