Gainera, UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeak eskatuko du osoko bilkurak martxoaren 8ko emakumeen grebari babesa ematea
Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea da gure gizartearen erronka nagusietako bat. Horregatik, Bilboko Udalean sartu zenez geroztik, Ahal Duguk Ezker Anitza – IUk eta Equo Berdeak alderdiak osatutako koalizioak hainbat mozio aurkeztu ditu helburu hori lortzeko bidean. Otsail honetan bi gehiago izango dira.
UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeak osoko bilkurari eskatuko dio martxoaren 8ko nazioarteko emakumeen grebari babesa eman diezaiola, lanuzte horrek gizartean debate bat sustatu nahi duelako egiten dituzten ekarpenei balioa ematea helburu izanik. Koalizioak honako gogoeta hau egiteko eskatu du: “Pentsatu behar dugu zer gertatuko litzatekeen emakumeok egiten dugun guztia egiteari utziko bagenio. Mundua gelditu egingo litzateke lanera gehiago joango ez bagina eta zaintza eta kontsumoa bertan behera utziko bagenu”, adierazi du Carmen Muñoz bozeramaileak.
Besteak beste grebak bilatzen du emakumeek beren gorputzen gainean erabakitzeko duten eskubidea aitor dadin, eta ekonomiaren eraldaketari ere bultzada bat eman nahi zaio, enpleguaren, zaintza-lanen eta aberastasunaren bidezko banaketa helburu izanik. “Batez beste gizonek baino 7.489€ gutxiago kobratzen ditugu urtean, eta horrek esan nahi du irailetik aurrera doan lan egiten dugula. Gainera, oso feminizatuta dauden enpleguak dira prekarioenak, eta zaintza-lan guztiak ikusezin bihurtzen dira, gehienetan emakumeek doan egiten dituztenak”, adierazi du Muñozek.
Deialdia egin dutenentzat premiazkoa da, halaber, indarkeria matxista guztiak desagerraraztea. “Estatu espainolean 1.000 emakume erail dituzte 14 urtean bakarrik. Terrorismo mota horri aurre egiteko hainbat ekimen eta baliabide abian jarri arren, ez dira inoiz nahikoak izango”, erantsi du Muñozek.
Beharrezkoa da Udaltzaingoaren eskura indarkeria matxistetan espezializatutako prestakuntza jartzea
Hain zuzen ere, feminismoaren haritik UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeak osoko bilkuran defendatuko duen bigarren proposamenari jarraikiz, Bilboko Udaltzaingoan unitate espezializatu bat sortzea eskatuko dugu, aldez aurretik indarkeria matxistei buruzko prestakuntza jasoko duena eta asteko 7 egunetako 24 orduetan arreta eskaintzeko prest egongo dena. Gainerako langileek ere prestakuntza hori jasoko lukete.
Muñozen ustez, indarkeria matxistei buruzko datuak kezkagarriak dira benetan. “Bizkaian, sexu-askatasunaren aurkako delituak % 23 hazi dira azken urtean, eta Bilbon egoera are kezkagarriagoa da, % 46ko hazkundea nabari baita. Errealitate lazgarri horrek bakarrik justifikatzen du udal-arloan neurri berriak urgentziaz hartu beharra”.
Gauzak horrela, koalizioaren ustetan, zaintza-sare instituzionalen —udaltzaingoa edo langile judizialak, adibidez— prestakuntza espezializatua eta sentsibilitate sozialaren sustapena funtsezkoak dira indarkeria matxista guztiei eraginkortasunez aurre egiteko.