77 zuzenketa erregistratuta Energia Jasangarritasunari buruzko Lege Proiektuari

Elkarrekin Podemos Legebiltzar-taldeak ekarpen horiek egin ditu “araua hobetzeko, eta, lehenbailehen, Euskadirentzako energia aurrezteari eta energia-efizientziari buruzko lege bat lortzeko”

Elkarrekin Podemosek 77 zuzenketa erregistratu ditu Euskadiko Energia Jasangarritasunari buruzko Lege Proiektuaren harira. “Energia aurreztearen alorrean araudi eraginkor bat izateko” taldeak funtsezkotzat jotzen dituen hiru premisatan oinarrituta egin ditu zuzenketa horiek.

Lehenik eta behin, Elkarrekin Podemosek eskatu du udalei, “etorkizuneko legeak eskatuko dituen inbertsioak ordaindu ahal izateko behar den finantziazioa bermatzea”.

Bigarrenik, zehapen-araubide bat egiteko eskatu dute, “Administrazioentzat eta enpresentzat”.

Gainera, Elkarrekin Podemosek gobernuari eskatu dio legea idazterakoan “anbizio handiagoko helburuak jaso ditzala, hasiera batean planteatutakoen gainetik”.

Hain zuzen ere, behin zuzenketak erregistratu ondoren taldea negoziazio-lanetan hasi da gobernuarekin akordio bat lortzeko, “lege modernoago baten bila, herrialdearen ekonomia garatzeko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko ezinbestekoa den heinean”. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta Equoko kide José Ramón Becerrak azaldu duenez, arau hori “erabakigarria izango da Euskadik behar duen energia-trantsizioan: energia gutxiago kontsumitzeko eta kontsumitzen dena garbiagoa izan dadin”.

Halaber, Becerraren ustez etorkizuneko arau hori “lagungarri izan liteke klima-aldaketa globalaren aurkako borrokan, eta Parisko Klimaren Goi-bileran hartutako nazioarteko konpromisoak lortzeko bidean”.