Gasteizko alkateari eskatzen diogu hiriaren ekialdea eta mendebaldea lotuko dituen autobus elektriko baten plangintza egin dezala

  • Oscar Fernándezek kritikatzen du alkatea proiektuak inauguratzeko presaka ibiltzea, Mugikortasun Planari eta trenbidea lurperatzeari buruzko azterlanak amaitu arte itxaron gabe.

Gaur IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) udal-taldeak alkateari eskatu dio herritarrei atzo aurkeztu zitzaien Arabatran proiektuari buruzko azterlanaren ondorioak onar ditzala, eta, horrenbestez, hiriko bi muturrak (Salburua eta Zabalgana) lotuko dituen ahalmen handiko autobus elektrikoa (BRT/BEI) ezartzeko plangintza egin dezala. Egindako azterlanaren arabera aukera hori da egokiena eta merkeena, eta gainera auzo berriek garraio publikoarekin bat egiteko aukera emango luke, auzo horiek urtetan jasan duten abandonuari amaiera ematearren.

Arabatran proiektuari buruzko azterlanak hiru konexio-alternatiba aztertu ditu Gasteizko hiriarentzat, eta, ondorioztatu duenez, BRT bus bat inplementatzea (trenbidearen korridore liberatuaren gainean lurperatzea gauzatzen bada, edo harekiko paraleloan lurperatzerik ez bada) da alternatiba guztietan onena. Proiektu horrek 16 milioi euroko kostua izango luke. Trenbide bat inplementatzeak, aldiz, 105 milioiko kostua izango luke, eta egungo trenbide-trazatua erabiltzeak 37 edo 47 milioiko (azalean edo lurpean, hurrenez hurren) kostua. Linea horretarako 8,7 kilometroko luzera eta % 86ko estaldura planteatu da.

Oscar Fernández zinegotziak alkatea kritikatu du beste behin, mugikortasun-proiektu berriak onartu dituelako (tranbiaren hego-luzapena edo Salburuarekiko konexioa, adibidez), eskatutako aldez aurreko azterlanak (Arabatran, Mugikortasun Jasangarriari eta Espazio Publikoari buruzko Planaren ebaluazioa edo trenbidea lurperatzeko azterlana) amaitu arte itxaron gabe. Analisi horiek guztiak 2018an amaituko dira, eta, beraz, alkatearen presa horiek, ezbairik gabe, 2019ko udal-hauteskundeak baino lehen proiektuak inauguratzeko obsesioaren ondorio dira. Eta hori ez da Udal bat ongi kudeatzeko modu zuzena.

IRABAZI-GANAR (IU/EQUO) udal-taldeak berriz ere eskatu du Arabako Garraioaren Agintaritza martxan jartzea, mugikortasun jasangarriko bide guztiak integra daitezen eta mugikortasunaren ikuspegia bakarra eta partekatua izan dadin. Gainera, garraiobide guztien jasangarritasuna bermatuko duen finantziazioa adostu behar da.