Eskola-jantokien kudeaketan izandako “legez kontrako praktikei” buruzko ikerketa parlamentario bat bultzatu dugu

Zenbait enpresaren arteko prezioei buruzko ituntzeak eragindako eskandalua 130 milioira iritsi daiteke

Cateringeko zazpi enpresak 2003. urteaz geroztik egindako irregulartasunetan egon daitezkeen erantzukizun politikoak ikertuko ditu Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko kudeaketapeko eskola-jantokietan zerbitzuak itundu baitzituzten enpresa horiek.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide eta Equo Berdeak taldeko kide José Ramón Becerrak ostegun honetako Osoko bilkuran batzorde parlamentario bat martxan jartzea defendatu du, “enpresa horien jarduna gainbegiratzeko orduan dagoen pasibotasunaren eta gelditasunaren aurrean”.

Becerrak bere mintzaldian gogorarazi duenez, Lehiaren Euskal Agintaritzak 2016an egiaztatu ahal izan zuenez, jantokietarako zerbitzuen merkatua beren artean banatu egin zuten hamarkada bat baino gehiagoz zenbait enpresak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak berretsitako praktika irregularraren bidez.

Era berean, legebiltzarkideak azaldu duenez, “Administrazioarentzat izan da kalte ekonomikoa, hau da, gizarte guztiarentzat, baina baita familientzat ere, “beren poltsikoetatik zegokiona baino 45 milioi euro gehiago jarri baitituzte, prezioak goraka ituntzea erabaki zutelako zazpi enpresak, etekin ekonomiko handiagoa lortzeko”.

Becerrak salatu duenez, egoera horren aurrean “Eusko Jaurlaritzak, neurririk ez hartzeaz gain, beste alde batera begiratu du”. Hori dela-eta, Elkarrekin Podemosen uste dute “funtzio-utzikeria” hain “deigarriak” Ikerketa Batzorde bat eskatzen duela egon daitezkeen erantzukizun politikoak zehazteko. Batzorde horrek, gainera, “gai izan beharko luke familiei bidegabe kobratutako diru-kopuruen benetako bolumena kuantifikatzeko, diru-kopuru horien itzulketa erreklamatzeko”.

Jatorrizko proposamenak, Elkarrekin Podemosen eta PPren artean adostutakoak, ganberako gehiengoaren babesa izan du, eta, hori horrela, ontzat emango da ikerketa-batzorde hori datozen asteetan.