- UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeak 51 zuzenketa aurkeztu dizkio Udalaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako ordenantzari
- Besteak beste, koalizioak proposatu du egungo Berdintasun Sailaren izena aldatzea, eta Alkatetzaren mendeko zinegotzigo propio bihurtzea.
Ahal Duguk, Ezker Anitza – IUk eta EQUO Berdeak alderdiak osatutako koalizioak 51 zuzenketa aurkeztu ditu Udalaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Proiektua hobetzeko helburuarekin.
Udalberri – Bilbao en Común udal-taldeak proposatu du egungo Berdintasun Saila Udalaren Zinegotzigo espezifiko eta bakar bihurtzea, zuzenean Alkatetzaren mende egongo dena. ”Horretarako, izena aldatzeko une egokia izan litekeela adierazi dute, eta, egungo izenaren ordez, honako hau jartzea proposatu dute: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Politikak eta indarkeria matxisten aurkako borroka”. EQUO Berdeak alderdiko zinegotzi eta koalizioko bozeramaile Carmen Muñozek ziurtatu duenez, “gai hau emakumeen bizitzarentzat hain garrantzitsua eta mesedegarria izaki, ulertezina da Jaiekin eta bestelako gaiekin partekatutako zinegotzigoa izatea”.
Koalizioaren ustez, egungo zirriborroan gizarte heteropatriarkalari buruzko gogoeta bat falta da, eta, gabezia horren haritik, zehaztutako helburuek ez diete arazoaren sustraiei heltzen. Hala, esate baterako, “emakumeen aurkako indarkeria” esaten da “indarkeria matxistak” esan beharrean. “Funtsezkoa da ordenantzan indarkeria matxistak terminoa erabiltzea, termino eguneratuagoa eta mugimendu feministaren baitan adostasun handiagoa lortu duen heinean”, adierazi du Muñozek.
Zuzenketa horien bitartez, Udalberrik eskatu du, besteak beste, Udalak sinatutako kontratu guztietan genero-ikuspegia txertatzea, udalaren diru-laguntzek berdintasuna sustatzea, orain maskulinizatuta dauden guneak birbanatzeko neurriak martxan jartzea, udala soldata-aldearen aurkako borrokan gehiago inplika dadila sustatzea, Bilboko kolektibo feministekin parte hartzeko bideak ezartzea, eta baterako erantzukizuna erraztea.