Irabazi Donostiak Donostiako Osoko Bilkurari ekimen bat aurkeztuko dio Etxegintza udal-sozietateak etxebizitza librearen prezioari buruz egindako azterlana beste txosten batzuekin osa dadila eskatzeko.
Irabazi Donostia (Ezker Anitza-IUk, Equok eta independenteek osatutako plataforma) udal-taldeko zinegotzien ustez, txostena ez da nahikoa, inondik inora, Donostian etxebizitza bat eskuratzeko arazoari eraginkortasunez heltzeko.
Azterlanak erakusten du salmentako etxebizitzaren garestitasunari dagokionez egoera polarizatu egin dela hirigunearen eta aldirien artean. “Jabetzako etxebizitzaren prezioan auzoen artean nabari den aldea gero eta handiagoa da: betidanik garesti izan diren auzoak gero eta garestiagoak dira. Zenbait arrazoi daude joera horren atzean. Lehenik eta behin espekulazioa. Are gehiago, besteak beste, etxebizitza batek pisu turistiko bihurtzeak eman ditzakeen irabaziak kontuan hartuta”, adierazi du Loïc Alejandro EQUO Berdeak alderdiak koalizioan duen zinegotziak.
Irabazi Donostiak kritikatu egiten du Udal Gobernuak, etxebizitzaren gaia aztertzean, salmentako etxebizitza librea baino ez duela aintzat hartzen. “Etxebizitza bat eskuratu ahal izatea arazo handia da donostiar askorentzat. Guretzat funtsezkoa da arazo horren beste alderdi batzuk ere kontuan hartzea. Pisu turistikoei buruzko zenbait azterlan egin dira dagoeneko. Alokairu-prezioaren bilakaerari buruzko informazioa behar dugu, baita hirian hutsik dauden etxebizitzei eta etxebizitza publikoari buruzko informazioa ere” adierazi du zinegotzi berdeak.