- EQUO Berdeak alderdiak zalantzan jartzen du linea hori euskal industriaren lehiakortasunerako mesedegarri izatea, hornidura elektrikoaren kostua merkatzen ez bada behintzat.
EQUO Berdeak alderdiak uste du Gueñes-Itsaso goi-tentsioko linea berria ezartzeko arrazoirik ez dagoela, gizartearentzat, ingurumenarentzat eta ekonomiarentzat kostu handia dakarrelako. Alderdi ekologistak berriz ere azpimarratu du badela garaia energia-sistema berriranzko ezinbesteko trantsizioari heltzeko; herritarrentzako sistema demokratikoa izango da, eta aurreztea eta jasangarritasuna izango ditu jomugan. Elektrizitatearen prezioa jaitsi beharrean, energiaren gainprodukzioa Frantziara esportatzea da Gueñes-Itsaso goi-tentsioko linea-proiektu horren lehentasunezko helburua. Linea hori eta Gatikaren eta Frantziako Akitania eskualdearen artean proiektatutako itsaspeko interkonexio elektrikorako beste megazpiegitura eraikiz gero, eredu berrirantz jo beharrean, korporazio handiek diseinatutako eredu zaharkitu, garesti, bidegabe eta jasanezina betikotuko da. Beste behin ere, irabazizko negozio ekonomiko hori gutxi batzuen eskuetan jartzen da, euskal herritarren interesen aurretik.
Alderdi ekologista ez dator bat ez Rajoyren Gobernuak ez Red Eléctrica Española konpainiak proiektua defendatzeko aurkeztu dituzten argudioekin. Horregatik, Gobernu zentralari eskatzen dio proiektuaren premia egiaztatzeko justifikazio sendoak eman ditzala.
Rosa Martínez EQUO Berdeak alderdiak Unidos Podemosen duen diputatuaren bitartez, Gobernuari eskatu diogu Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko linea horri buruzko informazio gehiago eman dezala. Gobernuak eta Red Eléctrica konpainiak honako hauek aipatzen dituzte: industriaren eskari elektrikoaren gorakada, euskal industriaren lehiakortasuna hobetu beharra, Euskadi beste lurraldeekiko duen energia-mendekotasun handia arintzeko premia, abiadura handiko trena abian jartzea eta Frantziarekiko interkonexio elektrikoaren maila handitzea. Alabaina, diputatu berdeak zalantzan jartzen du proiektua euskal industriarentzat benetan mesedegarri izatea. “Hornidura elektrikoaren kostua ez da merkatuko, eta horixe da enpresek behar dutena. Hortaz, Gobernuari eskatzen diogu, batetik, proiektu horrek euskal industriaren lehiakortasunari nola egingo dion mesede azaltzeko, eta, bestetik, Euskadiko industriaren eskari elektrikoaren gorakadari dagokionez egin dituzten aurreikuspenen berri emateko”, zehaztu du Martínezek.
Diputatuak honako galdera hauek ere erregistratu ditu Kongresuan:
· Zein da Gueñes-Itsaso goi-tentsioko linearen eta Euskadiko Abiadura Handiko Trenaren egitura elektrikoaren arteko lotura zehatza?
· Zer beste proiektu eramango dira aurrera Euskadin sare elektrikoarekin eta Abiadura Handiko Trenarekin loturik?
· Kontsumo elektrikoaren zenbaterainoko gorakada aurreikusten da behin Abiadura Handiko Trena martxan egon ondoren?
· Gatika – Cubnezais itsaspeko interkonexioa martxan jarri ondoren, aurreikusi al da Gueñeseko eta Itsasoko azpiestazioak egokitzeko proiektu osagarririk?
Orain aste batzuk Rosa Martínezek txosten ekonomiko eta teknikoak aurkezteko eskatu zuen, Bizkaiko Golkoko itsaspeko megazpiegitura eraikitzeko proiektua justifikatzeko. Itsaspean 270 kilometro kable jartzea aurreikusi dute, eta lurrean 80 gehiago, Gatikako bihurtze-estazioa eta Frantziako Akitania eskualdeko Cubnezais-eko estazioa lotzeko. Lurraldean inpaktu handia ere badu, baita kostu ekonomiko handia ere.