- Alderdi berdeak uste du energia dela Gasteizek gainditu gabe duen irakasgai nagusia
EQUO Berdeak taldeak Gorka Urtaran kritikatu du Green Capital izateko ekin beharreko nahitaezko energia-trantsizioarekin erakutsi duen konpromisorik ezagatik. Aurrezpenean, efizientzian eta energia berriztagarrien ekoizpenean oinarritutako energia-eredua martxan jartzeak hamarkada bat baino gehiagoko atzerapena darama. Alderdi berdearentzat, Green Capital izateko Gasteizek gainditu beharreko irakasgai nagusia da energia.
Legegintzaldi honetan, argiak aldatzeko egindako inbertsioez gain, gutxi egin da energia-aurrezpenaren alde eta, horrenbestez, berotegi-efektuko gasak eta udalaren energia-faktura murriztearen alde. Izan ere, legegintzaldi osoan, Urtaranek beti izan du hizpide Koroatze auzoko birgaitze-proiektua bere bandera-proiektu gisa arlo horretan, baina gaur egun, aldiz, ez da ezertan aurrera egin. Eta larriagoa dena, udal-eraikinetan aplikatu beharreko energia-efizientziako neurrien zerrenda bat du mahai gainean, inolako izapide berezirik eskatzen ez duten neurrien zerrenda, eta uko egin die neurri horiei guztiei.
Gainera, aurrekontu-luzapenaren onarpenaren ondoren, udal-gobernuak udal-eraikinetako aurrekontuetarako eta energia berriztagarrien instalaziorako aurrekontua hustu du, 2 milioi eurotik 300.000 euro soilera igarota.
EQUO Berdeak taldeak Urtaran alkateari adierazi dio Gasteizek, gainerako hiriek bezala, eredu behar duela izan, eta energia-gaietan gainditu beharreko irakasgai bat dugula. “Udal-gobernu honek ezin du jarraitu eredu berriztagarri eta efiziente baterako beharrezko energia-trantsizioari jaramonik egin gabe, trantsizio hori egin beharrekoa dela ezartzen baitu Europar Batasunak, eta horretara konprometitu baita alkatea bera Parisko akordioa sinatu ondoren”, Fernandezek azpimarratu duenez.