Rafa Bernal eta Aiert Lizarralde IRABAZI Eskoriatzan eta IRABAZI Bergaran dauzkagun zinegotziek “Mugikortasun jasangarriaren aldeko ituna” proposatu diete Gipuzkoako osoko bilkura horietako gainerako talde politikoei.
Bi koalizioek sustatutako ekimena herritarren parte-hartzearen, interes orokorren defentsaren eta guztion ongiaren printzipioetan oinarritzen da. Abiapuntuko dokumentu gisa oinarrizko proposamen bat aurkeztu da, jasangarritasuna ardatz egituratzaile komuntzat hartuta. “Indar politiko guztien arteko ituna proposatzen dugu, hurrengo hamarkadetan Eskoriatzan eta Bergaran mugikortasunaren alorrean abian jarri beharreko politika, estrategia eta jardunak garatzeko esparrua zehaztuko duena”, adierazi du Rafa Bernalek.
Lehentasunezko helburu bat ezartzen du dokumentuak: mugikortasunaren alorreko egungo erronkei eta etorkizunean agertuko direnei heltzeko moduaren inguruan nahitaez egin beharreko gogoeta.
Hiru lehentasun nagusi ezarri dira, hiru eremutan:
- Lehentasunak espazio publikoaren erabileran, lehenik eta behin bizitzea dagoela aintzat hartuta.
- Lehentasunak garraiobideetan, oinezkoentzako arreta lehentasunezkoa dela aintzat hartuta.
- Mugikortasun- eta irisgarritasun-politiken lehentasunak, hau da, hiri-zerbitzu eta -ekipamenduetarako irisgarritasuna erraztea, lehendik dauden azpiegiturak hobeto kudeatzea, eta oinezkoentzako eta bizikletentzako azpiegitura berriak sortzea, bai eta garraio kolektibokoak ere.
Irabazi Eskoriatzak urtarrilaren 18an (osteguna) erregistratu du mozio hori, eta Bergaran laster erregistratuko da: “Hirigune atseginago baten alde lan egin behar dugu, herritarrentzako guneak berreskuratuz, zarata eta emisioak murriztuz, oinezkoei lehentasuna emanez, bizikleta lehentasunezko ibilgailua dela aintzat hartuz eta kalitatezko garraio publikoa sustatuz”, adierazi du Aiert Lizarraldek.