- Loïc Alejandrok uste du Donostiako San Bartolome elizaren eraispen partziala saihesteko aukera bazegoela.
- Zinegotzi berdeak baliabide pertsonal eta materialak eskatzen ditu hiriko ondare babestua berriz ere arriskuan ez jartzeko.
Loïc Alejandro EQUO Berdeak alderdiak Irabazi Donostia udal-taldean (Ezker Anitza-IUk, Equok eta independenteek osatutako plataforma) duen zinegotziaren ustez, San Bartolome elizaren eraispen partziala saihesteko aukera bazegoen, kontrol-neurri egokiak abian jarri izan balira.
Zinegotzi berdeak adierazi duenez, egungo egoera gutxienez bi jardunen ondorio izan da. Lehenik eta behin, obrak egiten ari den enpresaren erantzukizuna da, elizaren zati bat eraitsi dutelako horretarako behar den lizentzia eduki gabe.
Bigarrenik, adierazi du Alejandrok, “Udalaren erantzukizuna da, argi eta garbi, egikaritze-proiektuan planteatutako jardunak oinarrizko proiektuaren jardunekin bat ote datozen ez duelako egiaztatu. Egikaritze-proiektua irakurriz soilik ikus zitekeen enpresak eliza eraitsi eta berreraikitzeko asmoa zuela” .
Zinegotziaren ustez, horrelako egoerek agerian uzten dute horrelako jardun atzeraezinak saihesteko moduko kontrolik ez dagoela. “Enpresak aurrera jarraitu du Udalaren lizentziarik edo baimenik ez bazuen ere, eta udala ekintza burutu baten aurrean aurkitzen da orain, atzera egiteko aukerarik gabe”.
Alejandrok beharrezkoak diren baliabide pertsonal eta materialak jartzeko eskatu du, hiriko ondare babestua kolokan jartzen duten horrelako jardunak berriz ere gerta ez daitezen.