EQUO Berdeak alderdiak Gobernuari eskatzen dio Nerbioi Garaiko araztegiak eraikitzeko proiektuak amai ditzala

  • Juantxo López de Uralde Unidos Podemosen duen diputatuaren bitartez, Gobernuari egindako urratsen inguruan galdetu dio, proiektuak egikaritzeko lanak azkartzeko helburuarekin.

EQUO Berdeak alderdiaren ustez, Aiaraldea eskualdeko ur zikinen saneamendu- eta arazte-egoera onartezina da. Basaurbeko eta Markijanako araztegiak eta Nerbioi Garaiko herriak bi estazioekin lotuko dituzten kolektoreak eraikitzeko proiektuaren onarpena atzeratzen ari da, eta, horrekin batera, lurzorua desjabetzeko ekimena ere bai.

Eta urrats hori ezinbestekoa da obrak egikaritzeari heltzeko. Joan den urtean Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro erreserbatu zituen lurrak erosteko, URA Uraren Euskal Agentziak eta Aiarako Ur Partzuergoak horretarako akordioa lortu ondoren.

Urteak eta urteak eskualdean ur zikinak etengabe isurtzen aritu ondoren, orain ezinbestekoa da saneamenduari lehenbailehen heltzea. Epeak betetzeko lasaiegi dabilela ikusirik, EQUO Berdeak alderdiak beharrezko ikusi du Gobernuari araztegien proiektuak ahalik eta lasterren amai ditzala eskatzea.

Horregatik, Unidos Podemosen parlamentu-taldearen bitartez, Juantxo López de Uralde diputatu berdeak Gobernuari proiektuak amaitzeko aurreikusten duen dataren inguruan egindako galdera bat erregistratu du Kongresuaren Mahaian.

 Halaber, egindako urratsei buruzko informazioa eskatu dio, proiektuak egikaritzea azkartzeko helburuarekin. “Azterlanek erakusten dutenez, Euskadiko isurketa-maparen benetako puntu beltza Araba da, eta zehazkiago, Agurain eta Laudioko eta Amurrioko eskualdea” salatu du López de Uralde diputatuak.

Hilabete batzuk lehenago, EQUO Berdeak alderdiak, Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide José Ramón Becerraren bitartez, ildo bereko beste ekimen bat eraman zuen Eusko Legebiltzarrera. Onartu zen mozioan, Rajoyren Gobernuari eskatu zitzaion proiektuaren idazkuntza amaitzeko, eta horrela, haren lizitazioari eta esleipenari lehenbailehen heltzeko. Aiaralde osorako saneamendu-plan integrala egitea ere eskatu zen, arroaren ibilgu guztien eta haien ibai-ekosistemen egoera ekologikoa leheneratzeko neurriak barne.