Autobusaren prezioak Donostian izango duen justifikaziorik gabeko igoeraren aurka gaude

Irabazi Donostia (Ezker Anitza-IUk, EQUO Berdeak taldeak eta independenteek osatutako plataforma) osatzen dugunok joanaldiko autobus-txartelak (paperean) izango duen justifikaziorik gabeko bost zentimoko igoeraren aurka gaude.

2018ko apiriletik aurrera prezioak aldatzeko proposamenean bilduta dago neurria, eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Ordezkaritzan erabaki zen.

Joanaldiko txartela bost zentimoan igotzea “udaberriarekin batera datorren benetako tradizio” bihurtu da, erabaki horrekin batera erabaki hori eragiten duten arrazoiei buruzko azalpenik eman gabe.

Bestalde, kritikatua izan da Donostiako Gobernuak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Ordezkaritzan Donostiako Osoko Bilkuran aho batez onartutako mozioa ez baliatu izana, hau da, Gipuzkoako Mugi eta Bizkaiko Barik txartel anonimoen artean sortutako diskriminazioa amaiarazteko mozioa. Kontua da Barik txartelaren abonatuentzat 0,93 euroko prezioa duela Dbus udal-konpainian egiten duten bidaia batek, baina Mugi txartelarekin, aldiz, 1,15 euro da prezioa bidaia bakoitzeko, eta hori ez da aldatuko 2018an, udal-taldeei igorritako prezioen aldaketa-proposamena ikusita.