EQUO Berdeak taldearen komunikatua SAREk deitutako manifestazioa dela-eta

ETAko presoen eskubideak errespetatzearen alde datorren larunbatean SARE mugimenduak deitutako manifestazioaren harira, eta talde ekologista aldarrikapen horien zati handi batekin ados badago ere, EQUO Berdeak taldeak ez dio ofizialki babesik emango mobilizazio-deialdiari, baina ez du mugatuko, halaber, taldeko militanteek beren kabuz parte hartzeko duten eskubidea.

Erabaki horren oinarrizko arrazoiak azalduko ditugu ondoren.

Alde batetik, PPren gobernuak aplikatutako presoen urruntze-politika gehitutako zigor bat da kolektiboarentzat eta haien familientzat. PPk onartutako lege-erreforma, zeinak 2010. urtea baino lehenago Frantzian betetako kartzela-zigorrak deskontatzea saihesten duen, Europako Erkidegoko araudiaren espirituaren aurkakoa da. Gainera, Gobernuak sistematikoki ezetz esaten dio larriki gaixo dauden presoen zigorrak betetzeko baldintzak malgutzeko aukerari, hots, printzipio humanitario funtsezkoenak errespetatzeko hartu beharko litzatekeen neurriari.

“Langraizko Bidera” bildutako presoen taldeari espetxe-baimenak eta gradu-progresioak emateari dagokionez Barne Ministerioak aplikatzen duen ezezko sistematikoa Espainiako Konstituzioak defendatzen duen gizarteratze-printzipioaren argi eta garbi aurka dagoen jarrera da.

Bestalde, presoen kolektiboari dagokionez, eragindako kaltearen aitorpena eta beren iraganaren berrikuspen kritikoa espero du alderdi berdeak, funtsezkoa eta ezinbestekoa baita hori bizikidetza berregiteko, eta, orain arte, “Langraizko Bidera” bildutako preso disidenteek soilik onartu dute hori. Aitorpen hori baztertzea eta eskubideen ikuspegi partzial baten alde egitea (presoenak bai, baina biktimenak ez) pertsona guztientzako giza eskubide guztien errespetua bultzatzeko kulturatik urrun dagoen jarreran kokatzen ditu kolektiboko presoak.

Ildo horretan, EQUO Berdeak taldeak berriro esaten du espetxe-politika aldatzea bezain ezinbestekoa dela indarkeria erabili zutenek eta bide negargarri horretan lagundu zietenek autokritika egitea eta egindako kaltea erreparatzea.