- Aurrekontu-luzapena baieztatu ondoren, % 35 gutxituko da udal-ekarpena.
- Ikastetxearen etorkizuna bermatzeko diru nahikoa gehitzen zuen IRABAZI taldearen zuzenketa ezetsi zuten Arabako Batzar Nagusiek.
IRABAZI-GANAR taldeak berriz ere salatu du Gasteizko Udaleko zein Arabako Foru Aldundiko EAJ-PSE gobernuen babespean Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan izan den murrizketa-politika.
Ezker Anitza-IU eta EQUO Berdeak taldeek bultzatutako bateragunearen aurrekontu-partidei esker, guztiak ere azken bi udal-erabakietan sartutakoak, egiteke zeuden eraberritze-lan ugari egin ahal izan dira. Aurten egin den inbertsioa 243 urteko historia duen eraikin horren segurtasuna, argiak eta irisgarritasuna hobetzeko baliagarria izan da.
Dena den, akordioetara iristeko eta gero akordio horiek betetzeko erabateko borondaterik ezaren ondorioz, aurrekontu-luzapenera iritsi gara udalean. Egoera horretan, ikastetxerako udal-ekarpena ia % 35 eror liteke 500.000 eurotik 332.000 eurora iritsita. Kulturako zinegotziak ez du zehaztu inolako plan alternatiborik inbertsio hori berreskuratzeko.
Gainera, IRABAZI-GANAR taldeak berriz ere salatu zuen Arabako Foru Aldundiak erakunde horri egindako ekarpen txikia. Erakundeak 250.000 euroko ekarpena egiten du gaur egun; Udalak bideratutakoa baino dezente txikiagoa da diru-kopuru hori, eta azken ekitaldietan ez da gehitu. Hori dela-eta, Ezker Anitza eta EQUO Berdeak taldeek zuzenketa bat aurkeztu zioten foru-aurrekontuari Foru Aldundiaren ekarpena 500.000 euroraino gehitzeko, diru-kopuru hori nahikoa izango bailitzateke udal-inbertsioaren beherakada arindu eta ikastetxearen etorkizuna ziurtatzeko. Dena den, zuzenketa hori baztertuta geratu zen EAJ-PSE-PP arrabola aplikatu izanaren ondorioz.
Azken batean, Bideragarritasun Planean eta ikastetxeak bere etorkizuna erakunde publiko eta kalitatezko erakunde gisa ziurtatzeko eta bere pribatizazioa saihesteko diseinatutako Ekintza Planean sartu diren murrizketak islatuko dira Arte eta Lanbide Eskolaren aurrekontuan. Ezin izango da aurrera egin azpiegituren hobekuntzan (hobekuntzekin jarraitu Suteak Prebenitzeko eta haien aurka Jarduteko Planetan, sistema elektrikoa eta argiak berritzea, sabai aizunak jartzea..), ezta eskolako langileentzako Prestakuntza Planean ere. Gainera, komeni da gogoraraztea eraikinak ez duela gaur egun legeak eskatzen duen irisgarritasun-araudia betetzen eta egoera hori zuzendu behar dela.
“Murrizketa erabaki politiko bati zor zaio, esparru teknikotik diru-sarrera handiagoak eskatzen baitira onartutako Ekintza Planari erantzuteko. Murrizketa hori parentesi bat da plana betetzeari dagokionez, eta pribatizazioaren itzala hurbiltzen du berriz ere”, Óscar Fernández zinegotziak adierazi duenez.