- Neurrigabeko kontsumoa saihesteko aholkuak biltzen dituzten ‘flyerrak’ banatuko ditu herritarren artean alderdi berdeak, horrelako kontsumoak desparekotasun soziala, enplegu prekarioa eta natura-baliabideen gehiegizko ustiapena bultzatzen baititu
- Sare sozialetako ekintzekin osatuko da kanpaina
Kontsumo arduratsuaren aldeko kanpaina bat garatuko du Gabonetan EQUO Berdeak taldeak, herritarrak kontsumismoaren ondorioez kontzientziatzeko. Erosketak eta neurrigabeko kontsumoa –erabili eta botatzekoa– sustatzeko egunotan indartzen diren publizitate-kanpainen esposiziopean daude urte osoan herritarrak. Alderdi ekologistak ohartarazten duenez, praktika horren ondorioak ugariak dira, desparekotasun soziala, enplegu prekarioa eta natura-baliabideen gehiegizko ustiapena bultzatzen baititu.
Gabonak ospatzeko beste eredu bat proposatzen du EQUO Berdeak taldeak, kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzailean oinarritutakoa, aldaketa-tresna izango baita hori gizarte bidezkoagoa, ekitatiboagoa eta jasangarriagoa lortzeko.
“Gogoeta-saio bat egin dezatela esaten diegu herritarrei, publizitate-presioek mendean har ez ditzaten (ezin ahaztu salmentak sustatzeko gezurrezko premiak sortzen dituen industria dela) eta benetan behar dutena soilik eros dezaten”, EQUO Berdeak taldeko kobozeramaile Erika Martinezek argitu duenez.
Arduragabeko kontsumoa saihesteko aholkuak biltzen dituzten ‘flyerrak’ banatuko ditu herritarren artean alderdi berdeak. Gasteizko erdialdean izango da lehen banaketa informatiboa, datorren larunbatean, hilaren 23an, goizean. Sare sozialetako ekintzekin osatuko da kanpaina. Hona hemen gomendio horietako batzuk:
- Merkataritza txikia eta auzo-dendak bultzatzea
- Tokiko produktuak kontsumitzea
- Balio sexista edo biolentoak sustatzen dituzten produktuak saihestea
- Multinazionaletan eta azalera handietan erosteko aukera saihestea
- Produktu berriak erosteko premiari buruz gogoeta egitea
- Alternatiba jasangarriagoak bilatzea
- Jostailuak eta arropa berrerabiltzea edo ematea
- Ekarpenak egitea GKEei edo irabazi-asmorik gabeko erakundeei
Era berean udalei eskatzen diete ez ditzatela baliabide publikoak bideratu Gabonetako argiteria ez-eraginkorra erakusteko, eta horren ordez gizarte-onura handiagoko helburuetara bidera dezatela diru hori, adibidez, energia-pobreziaren aurkako borrokara.