Gasteizko LGTBI diagnostikoan proposatutako ekintzak udal-politika bihurtu behar dira

  • Hurrengo Osoko Bilkuran Irabazi Gasteiz-eko kideok eskatuko dugu 87 ekintza-proposamenak Udalaren lanean txertatzeko
  • Óscar Fernández zinegotziak adierazi duenez, aurrekontu handiagoa eta langile gehiago behar dira, “diagnostikoa ezerezean gera ez dadin”

Irabazi Gasteiz-en (IU/EQUO) bitartez, koalizioan dugun zinegotzi Oscar Fernándezek mozio bat erregistratu du hurrengo ostiraleko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, Gasteizko LGTBI herritarren errealitateei buruzko diagnostikoan jasotako ekintza-proposamenak, 2018tik aurrera, udal-politiketan txertatzeko.

Diagnostikoaren emaitzaren haritik, erakundeetan lan egiteko eta esku hartzeko 87 proposamen planteatu dira guztira, besteak beste zeharkako eremuak —LGTBI herritarren memoria historikoa edo udal-langileen prestakuntza— eta espazio publikoaren , hezkuntzaren, osasunaren, aisiaren, kulturaren eta kirolaren eremuetako proposamenak biltzen dituztenak.

IRABAZIko kideok uste dugu funtsezkoa dela proposamen horiek ekintza bihurtzea eta Udalak bere gain hartzea, aurrekontu eta langileez hornituta eta egutegian finkatuta, ebaluazio-adierazle eta guzti. Gainera, Berdintasun Zerbitzuaren egungo errealitatea zein den ondo dakigunez, funtsezkoa iruditzen zaigu eremu hori indartzea, aurrekontu handiagoa eta giza baliabide gehiago esleituz. Horrela bakarrik lortuko dugu jardun-ildo berri horiek gure gain hartu eta ongi bideratzea. Gasteizko LGTBI mugimendu eta elkarteak aintzat hartzea ere funtsezkoa da prozesu horretan, prozesuaren arrakasta ziurtatzearren. “Diagnostiko hau ezin daiteke ezerezean geratu”, ohartarazi du zinegotziak.

Fernándezen ustez, “argi geratu da LGTBIfobia oso nabaria dela Gasteizen; LGTBI pertsonak ikusezin bihurtzea, oraindik ere, erasoak saihesteko estrategia dela; eta erakundeek kolektiboaren alde askoz ere gehiago egin dezaketela. Diagnostikoarekin lehen urratsa egin dugu. Irmoki egin behar dugu aurrera, Gasteizen bizi garen guztion Giza Eskubideak eta guztionganako errespetua bermatzeko”.