EQUO Berdeak alderdiak Petronorren birfindegiaren gaineko kontrol handiagoa eskatzen du, eta zalantzan jartzen du etorkizunean izan dezakeen bideragarritasuna

  • Egiaztatu denez, birfindegia ez dabil ondo, 70 geldialdi izan baititu azken bi urteetan

EQUO Berdeak alderdia konbentzituta dago posible eta desiragarria dela industria-jarduera eta ingurumenarekiko eta pertsonen osasunarekiko errespetua elkarrekin uztartzea, eta hori oinarritzat hartuta, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio gehitu dezala Petronorreko birfindegiaren gain egiten duen kontrola ingurumenean eta pertsonen osasunean duen inpaktua minimizatzeko. Plantan izandako gorabehera sarriek (“programatu gabeko” 11 geldialdi eta 70 guztira azken bi urteetan soilik) frogatu dute birfindegia ez dagoela ondo, eta zalantzan jarri dute haren etorkizuna.

Zorrotz murriztu behar dira programatu gabeko geldialdiak eta unitate arazotsuenetako matxurak. Hori lortzeko, inplikatu eta modu koordinatuan lan egin behar dute Ekonomiaren Garapen Sailak, Osasun Sailak eta Ingurumen Sailak, azken sail horrek airearen kalitateari buruzko kontrolak muturrera eraman ditzan plantaren funtzionamendu-erregimena arrunta ez den bakoitzean, batez ere unitateen geldialdi eta abiarazteetan. “Pertsonek ingurumen osasuntsu eta osasungarri batean bizitzeko duten ezin kenduzko eskubidearen babesean huts egiten ari dira”, EQUO Berdeak alderdiko kobozeramaile Erika Martinezek adierazi duenez.

Bestalde, Elkarrekin Podemos taldean barne hartutako EQUO Berdeak alderdiko legebiltzarkide José Ramón Becerrak bihar, hilak 30, defendatuko du Legebiltzarreko Osoko Bilkuran mozio bat Jaurlaritzak birfindegiari laguntza eman diezaiola eskatuz enpresaren funtzionamendua hobetu eta programatu gabeko geldialdiak gutxitzeko.

Bestalde, alderdi ekologistaren ustez, aro postindustrialean jada murgilduta gauden honetan, Eusko Jaurlaritzak epe luzerako programa estrategiko bati ekin beharko lioke eskala globalean etorkizunean hainbat krisialdik (hala nola petrolio-birfindegien krisialdiak) eraginpean har ditzaketen zenbait sektoreren birmoldaketa aldez aurretik diseinatzeko, Europa osoan krisian baitago jarduera hori, eta, gainera, Becerraren hitzetan, “birfindegi eraginkor eta jasangarrienak soilik dituzte irekita jarraitzeko aukerak” 20 urteko epean.