UdalBerrik 108 zuzenketa aurkeztu dizkie 2018ko aurrekontuei, 46 milioiko balioarekin

  • Podemosek, Ezker Anitza – IUk eta EQUO Berdeak taldeak osatutako koalizioak osoko zuzenketa aurkeztu die udal-kontuei, herritarren benetako premiei behar bezalako erantzuna ez dietelako ematen uste duelako.
  • Langabezia-tasa % 17,6 izanik, aurrekontuek ez diote arazo horri behar bezala aurre egiten, eta horregatik UdalBerrik zenbait zuzenketa aurkeztu ditu, hainbat enplegu-plan barne.
  • UdalBerrik salatu duenez, indarkeria matxistaren aurkako prebentzio-programekin zerikusia duten partidek izoztuta jarraitzen dute.
  • Ez dago esaterik aurrekontuak partizipatiboak direnik, 535 milioitik 14 bakarrik kokatuko liratekeelako ikuspegi horren barruan.

UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeak 2018ko Udal Aurrekontuen proiektua itzultzeko eskatu du, errealitate sozialaren diagnostiko oker batean oinarritzen direlako, eta, beraz, Bilbok aurre egin beharreko erronken aurrean ekintza edo erantzun egokirik eskaintzen ez dutelako. Carmen Muñoz koalizioko bozeramaileak ziurtatu duenez, “bada politika egiteko beste modu bat”: “behar-beharrezkoa da aurrekontuak beste era batera egitea. Beste edozein programaren, azpikontzepturen edo moneta-partidaren gainetik, Bilboko 345.474 herritarren duintasuna dago”, adierazi du Muñozek.

Koalizioaren ustetan, gizarte- eta auzo-premiek izan behar dute udalaren edozein aurrekontu-proiekturen abiapuntua. Egoera sozialak, politikoak eta ekonomikoak datu kezkagarriak ematen jarraitzen du, eta datu horiei askoz ere garrantzi handiagoa eman behar zaie aurrekontuak egiteko prozesuan. Bestetik, begi-bistakoa den klima-aldaketa, ingurumenaren zaintza eta tankera horretako beste gai batzuk ere ez dira behar bezala islatzen etorkizuneko udal-kontuetan.

Aurreko urteetan gertatu den bezala, eta areago oraindik Estatuaren egungo egoera kontuan hartuta, argi dago egungo aurrekontu-proposamena estutu eta erabakitzen duen gastu-araua iruzurra dela, eta horregatik UdalBerrik ez du onartzen Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Legea.

 Bilbok kalitatezko enplegua sustatzeko neurriak hartu behar ditu

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datu eguneratuenen arabera, Bilbon langabezia-tasa % 17,60 da, hau da, 26.399 langabe daude gure hirian. 16 urtetik 24 urtera bitarteko pertsonak eta emakumeek dira, beste behin, drama hori neurri handiagoan pairatzen duten kolektiboak. “Gazteek etorkizunik gabe jarraitzen dute, eta langabezia % 4,4 hazi da kolektibo horretan. Bestetik, langabeziaren gorakadak Bilboko emakumeei eragiten die bereziki, haien artean langabezia-tasa % 19,26 izanik”, salatu du Muñozek.  Enpleguaren kalitateari dagokionez, koalizioak gogora ekarri du Bilbon sinatutako kontratuetako asko aldi baterako kontratuak direla, lanaldi partzialekoak.

Koalizioak uste du aurrekontuek ez diotela arazo horri behar bezala heltzen, eta horregatik zenbait zuzenketa aurkeztu ditu aurrekontuak aldatzeko, gizartearen errealitatera egokitutako hainbat enplegu-plan barne.

Pobrezia enkistatzen ari da gure lurraldean

UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeko kideek uste dute aurrekontu hauek ez dietela larrialdi sozialei behar bezala heltzen. “Ez dugu ulertzen premia sozialetarako udal-baliabideek zergatik ez duten gora egiten, hain zuzen ere premia sozialak gora ari diren une honetan”, kritikatu du bozeramaileak.

Emakumeen eta gizonen arteko desparekotasuna

Desparekotasunaren aurka borrokatzeko edo indarkeria matxistari eta horrelako gai mingarriei aurre egiteko funtsezko ekintzak ere ez dira handitzen aurrekontu hauetan. “Salatzen dugu 2016. urteaz geroztik genero-indarkeriaren aurkako borrokarako partidak, zoritxarrez, izoztuta daudela, nahiz eta terrorismo matxistaren biktima diren emakumeen kopuruek gora egin urtetik urtera”, adierazi du Muñozek.

Desparekotasuna auzoen artean

UdalBerrik kritikatu du Udalak hiriko auzo batzuei eta besteei ematen dien tratu desberdina, eta hori “inbertsio-mailetan edo ekipamendu-horniduretan argi eta garbi nabari dela” ziurtatu dute.

Koalizioak beharrezko ikusten du plan espezifikoak egitea oso egoera berezian dauden auzoentzat, hala nola  Sarrikue-Arabella, Uretamendi, Iturrigorri-Peñaskal, Altamira, eta Otxarkoaga.  Bestalde, UdalBerrik irizgarritasun planak eskatzen ditu Arangoiti, Buia, Masustegi, Errekalde eta Iralabarri auzoetarako.

Aurrekontu partizipatiboen aldeko benetako apustua

Aurrekontu partizipatiboak direla esan dute orain artean, baina hori ez da horrela, Udalberriren iritziz. “Ez dugu uste Bilbok aurrekontu partizipatiboen proiektua daukala esan daitekeenik, 535 milioitik 14 bakarrik kokatzen direlako ikuspegi horren barruan”, adierazi du Muñozek.