EQUO Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Euskadin klima-aldaketari aurre egiteko erabat zabaldu den kezkari erantzuteko

  • Eusko Jaurlaritzaren Ikerketa Soziologikoko Kabinetearen azterlanetik ondorioztatutako datuen arabera, euskal gizarteak eskatzen du energia-kontsumoa murriztea, energia berriztagarriak garatzea edo garraio publikoa bultzatzea, alderdi berdeak Euskadin behin eta berriz egindako eskaerekin bat etorriz
  • Jaurlaritza garaiz dabil 2018ko aurrekontu orokorretan ildo horretako ekintzak garatzeko behar diren partidak eransteko

Ikerketa Soziologikoko Kabinetearen azken inkestaren arabera, Euskadin klima-aldaketari aurre egiteko kezka orokortu egin da, eta horregatik EQUO Berdeak taldeak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio erabat zabaldu den kezka horri erantzuna eman diezaiola.

Azterlan horren emaitzek aditzera ematen dutenez, euskal gizarteak, Gobernuak ez bezala, ingurumenarekiko heldutasuna erakutsi du. Erantzutean inkestatuek eskatu dute energia-kontsumoa murriztea, energia berriztagarriak garatzea edo garraio publikoa garatzea, alderdi berdeak Euskadin behin eta berriz egindako eskaerekin bat etorriz. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak ez die eskaera horiei merezi duten lehentasun eta premiarekin erantzuten. Íñigo Urkulluren Gobernuak behin betiko utzi behar dio energia fosilak ikertu eta ustiatzeko ahaleginak egiteari, eta haien ordez energia garbi eta berriztagarrien aldeko apustua egin behar du, energia horiei bultzada politikoa eta ekonomikoa emanez.  “Lehendakariak euskal herritar guzti-guztientzat gobernatzen dutela dio, eta hori hala bada, gizartean orokor bihurtu den kezka hori aintzat hartu eta erantzun egokia eman behar diote”, adierazi du Erika Martínez alderdi berdeko kobozeramaileak.

EQUO Berdeak alderdiak Jaurlaritzari eskatzen dio 2018ko aurrekontu orokorretan ildo horretako ekintzak garatzeko behar diren partidak eransteko. Inkestan kontsultatutako herritarren % 77k uste dute erakundeek klima-aldaketaren aurkako borrokan inbertitu behar dutela. “Energia-eredua ezinbestean aldatzeko bidean jarri behar dira ekintza guztiak. Zehazki, izapidetze-prozesuan dagoen Administrazio Publikoen Energia Jasangarritasunari buruzko Legea, argi eta garbi, ez litzateke nahikoa izango energia-eredu jasangarri baterako trantsizioari heltzeko”, nabarmendu du Ramón Sánchez kobozeramaileak.

Gainera, alderdi ekologistak eskatzen du herritarren eskura informazio, pizgarri eta erraztasun gehiago jartzeko, herritarrek, beren eguneroko zereginetan, klima-aldaketari aurre egiteko lagungarri diren jardunbideak bil ditzaten, kontuan hartuta kontsultatuen % 24k erosotasuna edo denborarik eza aipatu dutela dinamika horiek ez egiteko arrazoi gisa, eta % 23k, berriz, zer egin ez dakitela.