Bilbon hiri-erresilientziari buruzko diziplinarteko batzordea sortzea eskatzen dugu

UdalBerri-Bilbao en Común udal-taldeetik Hiribilduan Hiri Erresilientziari buruzko Diziplinarteko Udal Batzorde bat sortzea eskatuko dugu, azaroko ohiko osoko bilkuran.

Batzorde horren helburua izango litzateke sailarteko kontingentzia-planak diseinatzea, erresilientzia bere fase guztietan lantzeko. Ahal Duguk, Ezker Anitza – IUk eta Equok osatutako koalizioak gogora ekarri nahi du Hiri-erresilientziak hiri batek edozein krisi-egoeraren aurrean edota krisi-egoerak saihesteko bere funtzionamendua berrezartzeko duen gaitasunari egiten diola erreferentzia. Krisi-egoera horiek hainbat arrazoik eragindakoak izan daitezke, hala nola klima-aldaketak, hondamendi naturalek, gatazka soziopolitikoek edo ekonomikoek, energia-eskasiak edo zibersegurtasunari buruzko gorabeherek eragindakoak.

Nazioarteko adituen arabera, ekonomiaren ikuspegitik azpimarratzekoa da hondamendiei aurre egiteko prestakuntzan inbertitutako euro bakoitzeko, bost eurotik hamar eurora bitarte aurrez daitezkeela, gutxi gorabehera, galera ekonomikotan.

Carmen Muñoz UdalBerriko bozeramaileak adierazi duenez, koalizioak hiri iraunkorrago eta seguruago batean bizitzeko eskubidea defendatzen du irmoki. “Erakundeek hiri-erresilientziaren aldeko urrats sendoa egiteko garaia da, Bilbo toki bizigarriago eta seguruago bihurtzeko helburuarekin. Esaterako, prest al gaude eraso zibernetiko bati aurre egiteko? Ba al dakigu zer egin krisi-egoera bati aurre egiteko herritarrak seguru sentitzeko moduan? Gai horretan aurrerapausoak egin dituzten beste hiri batzuen ereduari jarraikiz, guk ere prebentzio neurriak hartu behar ditugu, segurtasunagatik ez ezik, udal-baliabideak optimizatuz aurrezteko beste modu bat ere badelako”.