Azaroaren 4ko manifestaziorako parte-hartze indibiduala babesten dugu, eta Kataluniako gatazkari soluzio politikoa ematea eskatzen dugu

  • Alderdi ekologistak epaile eta fiskalei eskatzen die izan berri diren espetxeratzeei buruzko jarrera berriz pentsatzeko, Kataluniako herritarren artean bizikidetza eta elkarrizketa errazteko

Gure Esku Dago-k datorren azaroaren 4ako “155 ez-Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea” lelopean antolatu duen manifestazioan parte hartzeko egin duen deialdiaren aurrean, EQUO Berdeak alderdiak aurreko deialdietako jarrerari eutsiko dio, alderdi berdeko kideen parte-hartze indibiduala babestuz baina indar politiko gisa ofizialki atxiki gabe.

EQUO Berdeak alderdiak kezka eta gaitzespena partekatzen du Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian neurrigabe aplikatu izanaren aurrean eta Carmen Lamela Auzitegi Nagusiko epaileak Generalitateko Governeko kideen baldintzarik gabeko espetxeratzea agintzeko eman berri duen autoaren aurrean.

Governek abian jarritako bide aldebakarrarekin ados ez badago ere, EQUO Berdeak alderdiak uste du ebazpen judizial horrek ez duela erraztuko gero eta beharrezkoagoak diren zubiak eraikitzeko ekimena, eta beraz, beste oztopo bat dela osagai identitario eta politiko argia duen gatazka hori adostasunez konpontzeko bidean. Horregatik, Estatuko erakunde betearazle eta juridikoei eskaera egiten die erantzukizunez jarduteko eta elkarrizketaren bitartez irtenbide adostu bat aurkitzeko bidea errazteko, eta, jakina, legez hautatutako Governeko kideak espetxetik ateratzeko eta gehiago ez jazartzeko.

PPk bide polizial eta judizialak baino ez dituela aplikatzen ikusirik, EQUO Berdeak alderdiak askatasun eta balio demokratikoen aldeko konpromisoa berresten du, ebazpen judizial horrek kinka larrian jarri dituela aintzat hartuta.

Halaber, EQUO Berdeak alderdiaren ustez, erabakitzeko eskubidearen gaineko manifestazio horretarako deialdiak ez dira ongi planteatu, eskubide hori independentzia bai edo ez erabakitzera mugatzen dutelako. EQUO Berdeak alderdiaren ustez desegokia da erabakitzeko eskubidea gizartea polarizatzeko moduan erabiltzea, Katalunian gertatu den bezala, horrek euskal herritarren kohesio soziala arriskuan jartzen duelako, eta horregatik sakonagoko elkarrizketa bat hasteko deia egiten du, herritarren sentsibilitate identitarioek onartzeko modukoak izan daitezkeen lurraldearteko beste harreman mota batzuk bideratu ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, EQUO Berdeak alderdiak Kataluniako herritar guztiei babesa ematen jarraituko du, haien sentsibilitate identitarioa edozein izanik ere, eta Estatuko Gobernuari eta Kataluniako Governari eskatzen die lehenbailehen eta zintzotasunez hitz egiten has daitezen, gatazka historiko horri alde biko eta itundutako konponbide bat emateko.