- Koalizioak iragarri duenez, ez dio uko egingo bere ustez eskualderako behar-beharrezkoa den proiektuari, eta lehenbailehen martxan jartzeko egin dezakeen guztia egingo du.
Udal-gobernuak Kontzepzionisten monasterioa eta inguruko baratzeak erostea erabaki du, kirol-ekipamenduak jartzeko, baina kokaleku horretan udal-aterpetxe bat eraikitzeko konpromisoa hartua zuen aurrekontuetan –zuzenketa baten bidez– koalizioarekin; erabaki horren berri izan ostean, Irabazik dio hala ere ez diola uko egingo bere ustez eskualderako behar-beharrezkoa den proiektu horri.
Irabazik eutsi egingo dio Ipuruan “Etxe-on” aterpetxea zabaltzearen aldeko apustuari, eta ahal duen guztia egingo du lehenbailehen zabaltzeko.
2017ko aurrekontuetan zuzenketak egiteko proposamenen aukerak aztertzen ari zela, Irabazik oso premiazkotzat jo zuen etxerik ez dutenentzat aterpetxe bat sortzeko proiektua egitea; izan ere, eskualdeburu den aldetik, araudiari jarraikiz, harrera-toki bat izan behar luke, 27.400 biztanle dituelako.
Hainbat aukera aztertu ostean, Ipuruako Kontzepzionisten komentua toki egokia izan zitekeela proposatu zen, duela 9 urtez geroztik itxita baitago, ordena horretako mojak Donostiara joan zirenetik. “Toki hori bereziki egokia iruditu zitzaigun erabilera berrirako egokitzeko, bai baititu logelak, jantokia, harrera eta beste zerbitzu batzuk, eta egoera onean gainera; hortaz, inbertsio txiki bat eginda etxerik gabekoei harrera egiteko toki bat eskaintzeko aukera zegoen”, azaldu du María Jesús Aguirre zinegotziak.
Hori horrela dela, Irabazik Gobernuko talde sozialistarekin adostu zituen zuzenketak, besteak beste, koalizioaren “proiektu izarra”. Akordio horri esker, proiektuak babes ekonomikoa ere izan zuen.
Proiektuaren bilakaerari buruzko informaziorik ez dagoenez, eta kiroldegia erosteko eta handitzeko proiektuaren berri ‘in extremis’ izan ostean, Irabazik eutsi egingo dio bere ideiari. Koalizioaren ustez, higiezina, oro har, handia da, udalaren beste zerbitzu batzuk ere hartzeko adina. Gainera, baratzeen azalera handi batez inguratuta dagoenez, Ingurumen Sailetik Eibarren ezarri eta garatu nahi diren “hiri-baratzeak” ezar litezke.
Koalizioaren arabera, kirol-ekipamendua aterpetxearekin bateragarria da; gainera, ekipamendua egiteko denbora beharko da. “Horrekin, gure ustez premiazkoa eta ezinbestekoa den behar bati erantzungo genioke: etxerik eta bizirauteko oinarrizko baliabiderik ere ez duen jendeari gure hirian harrera egitea”, nabarmendu du Aguirrek.
Irabazik proposatu duen okupazio-formula honako hau da: negoziazioak irauten duen bitartean hileko edo hiruhileko alokairua ezartzea eta komentuan egokitzapen txikiak egitea, “betiere monasterioko gelen, jantokiaren, harreraren eta baratzeen antolamenduan oinarrituta, erabiltzaileei ingurune atsegina eskaintzearren”. “Gure ustez, gizarte-arloko prestakuntza duen lagun bati, enpresa-kudeaketako prestakuntza duen beste bati eta sukalderako eta garbiketa-lanetarako hirugarren lagun bati kontratu bana eginda udazken honetan bertan jar daiteke martxan, neguko egun hotzak laster gainean ditugula aurreikusita”, zehaztu du Aguirrek.
Aterpetxea irekitzea eta martxan jartzea eskualde osoko premia izanik, egokitzeko obren eta langileen kalkulua eskualdeko beste udalekin partekatu beharko litzateke, haiei ere egingo baitie mesede zerbitzuak.