EQUO Berdeak alderdiak babestu egiten du Eusko Legebiltzarrean Euskadiko lurren funtzio naturalak leheneratzeko, kontserbatzeko eta babesteko Estrategia urtebeteko epean berritzeko eztabaidatutako proposamena.
Alderdi ekologistaren ustez, zeregin horrek bultzada politikoa eta konpromiso handiagoa eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren aldetik eta lurren babesean inplikatutako gainerako erakundeen aldetik. Une honetan ez baitago behar adinako giza baliabiderik eta/edo baliabide ekonomikorik. “Beharrezkoa da erakundeen laguntza eta erakundearteko laguntza. Gutxienez, honako sail hauen inplikazioa behar da: Hezkuntza (I+G+b-ko gaiak), Nekazaritza (Neiker, Hazi), Ingurumena (URA, IHOBE), Lurraldearen Antolamendua (Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak) edo Garapen Ekonomikoa (SPRILUR, industria-lurren berrerabilera). Aldundiek ere inplikatu beharko dute, nekazaritza-gaietan eskumen zabalak dauzkatelako” azaldu du José Ramón Becerrak, EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkideak.
Euskadin lur naturalak higatzen eta galtzen ari dira, eta arazo horrek basoetako pinu eta eukalipto sailekin du zerikusia, baita labore enblematikoenetako batzuekin ere, mahatsondoarekin Araban eta txakolinarekin Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez. “Nekazaritza intentsiboak mantenugaiak agortzen ditu, materia organikoa murrizten du eta lurra trinkotzen du, makineria astunaren erabileraren eraginez”, zehaztu du Becerrak. Legebiltzarkide berdeak proposatu duenez, agroekologia ezarri behar da lur landuen etorkizuna babesteko, eta gainera, pinu eta eukalipto sailak murriztu behar dira, eta, haien ordez, motelago hazten diren espezie autoktonoak mendietan txertatu, hala nola haritzak, pagoak, gereziondoak edo gaztainondoak. “Lurrak egoera txarrean badaude, gizakion biziraupena kolokan dago”, azpimarratu du.