- Nekazaritza ekologikoari eta elikadura-subiranotasunaren aldeko ekimenei babes handiagoa ematea eskatzen du alderdi berdeak, are gehiago bi sektore horiek enplegu-sortzaileak direla aintzat hartuta
- EQUO Berdeak alderdiak berriz ere eskatzen du susmopean dauden transgenikoen produkzioa eta inportazioa geldiarazteko
Elikadura Subiranotasunaren aldeko Borrokaren Mundu Egunean, EQUO Berdeak alderdiak nekazaritza ekologikoaren eta elikadura-subiranotasunaren aldeko ekimenen aldeko apustua berretsi nahi du, sektore horiek estrategikotzat eta enplegu-sortzailetzat jotzen dituen heinean. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari eskaera egiten dio elikadura osasuntsua, iraunkorra, naturala eta hurbilekoa susta dezan. Eta ehunka eta milaka kilometrotara aztarna ekologiko handiarekin produzitutako elikagaien inportazioa murriztu dezan, hurbileko eta tokiko produktuen kontsumoa bultzatzeko.
Horretarako, ikastetxe, ospitale eta egoitzetako jangela publikoetan pixkana-pixkana hurbileko elikagai ekologikoak sartzeko eskatzen du. “Administrazio publikoek elikagaiak tokiko merkatuan erosteko konpromisoa hartuko balute, urrats handi bat egingo lukete tokiko produkzio- eta merkaturatze-sareak indartzeko eta zabaltzeko bidean”, adierazi du Erika Martínez EQUO Berdeak alderdiko kobozeramaileak.
Hiri-baratze ekologikoekin, merkatu agroekologikoekin eta hurbileko dendekin zerikusia duten ekimenak indartu eta arautzea lagungarri litzateke, halaber, kontsumo arduratsua eta iraunkorra bultzatzeko.
EQUO Berdeak alderdiaren ustetan, ezinbestekoa da nekazaritza-lurzoruak babestu eta zaintzea, hirigintzaren eta azpiegituren presioari aurre eginez. “Elikagaiak iraunkortasunez produzitzeko lurzorurik gabe, elikadura-subiranotasunaren bidean aurrera egiteko oinarririk ez dugu. Lurzorua ondasun urria da, eta gure legeek hura babesteko beharrezkoak diren tresna eraginkorrak jarri behar dituzte abian” adierazi du Ramón Sánchez EQUO Berdeak alderdiko kobozeramaileak.
Alderdi berdeak transgenikoen inportazioa eta produkzioa geldiarazteko eskatu du beste behin, Genetikoki Aldatutako Organismorik gabe, ekosistema eta kontsumitzaileen osasuna babestuko duen nekazaritza baten jarraipena bermatzeko lege-baldintzak eta baldintza politiko eta teknikoak indarrean egon arte. Transgenikoek susmopean jarraitzen duten bitartean, alderdi berdeak Jaurlaritzari eskatzen dio jendaurrean argi eta garbi adieraz dezan Euskadin non dauden transgeniko komertzial eta/edo esperimentalekin aire zabalean landutako lurrak, eta herritarren eskura horren inguruko informazioa jar dezan. Ildo beretik eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren I+Gko politikak nekazaritza-produkzio ekologiko edo integratuari buruzko ikerketa lehenetsi dezan, genetikoki aldatutako landare-espezieak garatzeko programen aurretik.