EQUOk Bergarako lotunearen obren eraginpeko Angiotzarreko auzotarren aldarrikapenekin bat egiten du

  • Alderdi ekologistak auzoaren erreklamazioak eramango ditu eskumena duten erakundeetara, tunelak irekitzeko esku-hartzea aprobetxatu nahi baitu inguru hori hobetzeko

  • Sortuko diren zerbitzu-bideak bidegorri edo bide berde natural bihurtu nahi dituzte eta tunelaren irteeran dagoen errota, presa eta kanalak lehengoratu

Irabazi Bergarako EQUO Berdeak alderdiko zinegotzi Aiert Lizarraldek eta EQUO Berdeak taldeak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide José Ramón Becerrak bergarako lotunea deitutakoaren eraikuntzaren eraginpean egongo den Angiotzar harana bisitatu dute, hau da, euskal Y trenbidearen gune nagusia, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituzten adarrak elkartuko diren gunea.

Angiotzarreko auzotarrek trenbidearen bidegurutze hori aprobetxatu nahi dute inguruko hainbat gune birmoldatzeko eta, horrela, Angiotzar inguruko komunikazioak hobetzeko. “Aldarrikapen horietako batzuk historikoak dira, 25 urte baino gehiago daramatzatelako aldaketa horiek eskatuz, baina arrakastarik gabe. Ingurumenari dagokionez eta sozialki kostu handia izango duen esku-hartze nabarmen horren eragina jasango dutenez, gutxienez ere azkenik euren nahiak bete daitezela merezi dute. Eremu horretan esku hartuko bada, aldi berean auzotarrek aipatzen dituzten puntu horiek aldatu beharko lirateke” azpimarratu du Aiert Lizarralde zinegotziak.

Eraikuntza-proiektuari egin beharreko ekarpenak honako hauek izango lirateke: behin obra amaituta, egingo diren zerbitzu-bideak bidegorri edo bide berde natural bihurtzea; Errotaberri baserriko gunean tunel artifiziala aprobetxatzea jendearen aisialdirako gune bat kokatzeko: Angiotzar-Bergara errepidea hobetzea atera den obra-hondakina (lurra eta harriak) erabiliz, eta tunelaren irteeran dagoen errota, presa eta kanalak lehengoratzea, duten balio kulturala kontserbatzeko eta ondoren euren erabilera turistikoa sustatzeko.

Bestalde, José Ramón Becerra legebiltzarkideak auzotarrei bere babesa eman die eta eskaera-zerrenda hori dagokion legebiltzar-batzordera eramateko konpromisoa hartu du.