EQUOk txalotu egiten du Deriok zekorketa-jaia bertan behera uzteko hartutako erabakia

Animalien Eskubideen aldeko Equo Sarea pozik azaldu da Derioko Udalak zekorketa-jaia bertan behera uzteko hartu duen erabakia ikusita. Administrazio publikoek gizartea kontzientziatu egin behar dute animalienganako errespetuaren eta begirunearen inguruan, eta lege aurreratuagoak sortu behar dituzte animaliei eragiten dieten gaietan. “Horregatik uste dugu erabaki horrek aurrerapauso handia suposatzen duela herrian animalien aurkako tratu txarren aurkako borrokan” adierazi dute Anabel Marín eta Paula Jarque sareko kobozeramaileek.

Orain urtebete gutxi gorabehera, Animalien Eskubideen aldeko EQUO sareak administrazio-bidera jo zuen Derioko Udala salatzeko Euskadiko Animaliak Babesteari buruzko Legea behin eta berriz urratzen zuelako. Alderdi ekologistaren sare horren ustez, Bizkaiko udalerri hori legea urratzen ari zen festetan antolatutako ikuskizun baterako hilabete pasatxoko zekorrak erabiltzen zituztelako.

Aldi berean, Acción por el Respeto Animal (Animalienganako errespetuaren aldeko ekintza) herritarren mugimenduak 11.000 sinaduratik gora bildu zituen change.org plataformaren bitartez, jai krudel hori bertan behera utzi zezatela eskatzeko. Esther Apraiz Fernández de la Peña Derioko alkateari entregatu zitzaizkion babes horiek guztiak.

Zekorketa horietan parte hartzen zutenek zekor txikiak xaxatu eta jazartzen zituzten, eta astindu eta lurrera botatzen zituzten ere bai, “eufemistikoki herri-jolasak esaten zioten” festaren barruan.

Zekorrek “festan” jasandako sufrimenduari garraio-kamioiaren barruan ematen duten orduak erantsi behar zaizkio, AVATMA Asociación de Veterinarios Abolicionistas de la Tauromaquia y del Maltrato Animal (Tauromakia eta Animalien aurkako Tratu Txarrak ezeztatzearen aldeko Albaitarien Elkartea) elkartearen albaitari-txostenak ederki asko egiaztatzen duenez, non azpimarratzen den animalia “hain gazte” horiek estresa jasaten dutela horrelako gertaeretan, eta, horren ondorioz, indarrik gabe geratzen direla eta “sufrimendu emozional handia” jasaten dutela.