Alderdi ekologistak hasieratik izan duen jarrerari jarraikiz, alderdiaren militantziak bere kontura erabaki du Gure Esku Dago mugimendu herritarraren deialdiarekin bat egiten duen ala ez bihar (larunbata, irailak 30) Bilbon Kataluniak bizi duen egoera dela-eta antolatutako manifestazioan.
EQUO Berdeak alderdiaren iritziz, ekimen herritar horrek erabakitzeko eskubidearen alde egiten dituen deialdiak independentzia bai ala ez eskemari jarraikiz planteatzen dira, eta alderdiak, erakunde gisa, uste du lurraldearteko harremanak izateko beste modu batzuk ere badaudela, modu horien gain erabakitzeko eskubidea ere aplika daitekeelarik.
EQUO Berdeak alderdiak uste du, bizitzen ari garen salbuespen politikoko egoera honetan, demokrazia eta eskubide zibil eta politikoak defendatzeko, eta Kataluniari elkartasuna adierazteko deialdi guztiak direla garrantzitsuak. EQUO Berdeak beti egongo da adierazpen librearen, eta biltzeko eta manifestatzeko eskubidearen alde.
Alderdi berdeak bere babesa berresten die Kataluniako herritar guztiei –edozein identitate-sentimendu dutela ere, guztiak baitira legitimoak–, eta erabakitzeko duten eskubiderako bere babesa ere berresten die, betiere legezko berme guztiak dituen eta estatuarekin adostutako kontsulta baten bidez.
EQUO Berdeak alderdiak kezkaz ikusten ditu Kataluniaren inguruan jazotzen ari diren gertakariak. PPren gobernuak askatasunen eta eskubide zibilen aurka egindako eraso autoritarioa gaitzesten du alderdi ekologistak. Uste du Espainiako Gobernua beharbada funtsezko eskubideak urratzen ari dela eta iruditzen zaio jatorri politikoa duen gatazka denez, erantzuna ezin dela soil-soilik poliziala edo judiziala izan.
Dena den, PPren gelditasunak ez du justifikatzen Generalitateak alde bakarreko bidetik aurrera egiteko gauzatu duen apustua.
Alderdi ekologistak PPri eskatzen dio bazter dezala bide errepresiboa, eta bi aldeei eskatzen die beren jarrera berriz pentsa dezatela arazoa elkarrizketa bidez konpontzeko, horixe baita bide bakarra gatazkak bideratzeko.