- Alderdi ekologistak salatu duenez, oraindik ere Gardelegiko lindanoak kutsatutako ura erabiltzen dute lur landuak ureztatzeko.
Alderdi ekologistaren ustez, konponbidean ez dauden zabortegien artean litekeena da Gardelegiko zabortegia izatea Euskadiko lindano-kutsaduraren eragile nagusia gaur egun, eta horren harira Krispiñako araztegiko lohiak nekazaritza-konposta egiteko erabiltzeak berekin dakarren arriskuaren inguruan ohartarazi du. Gardelegiko zabortegiko ur lixibiatuek Krispiñako araztegiarekin bat egiten dute, eta bertan, Lindanoraen deribatua den HCH substantzia kantzerigenoaren kontzentrazio handiak detektatu dira.
EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide José Ramón Becerrak egindako galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritzak adierazi du lohi horiek Zaragozara bidaltzen direla, nekazaritza-konposta eta animaliak elikatzeko produktuak egiten diharduen enpresa baten esku uzteko. Legebiltzarkide berdeak horren guztiaren berri eman du Eusko Legebiltzarraren Ingurumen Batzordearen aurrean, eta praktika hori dela-eta kezkatuta daudela eman du aditzera; Ekologistak Martxan elkarteko kideak ere batzordera bertaratu dira, Euskadiko lindanoari buruz hitz egiteko.
Bestetik, EQUO Berdeak alderdiak salatu du oraindik ere Gardelegiko lindanoak kutsatutako ura erabiltzen dutela lur landuak ureztatzeko, ur-harpenekin zerikusia duten kutsadura-arriskuak kontuan hartuta. Zadorra ibairako isurketa-puntutik beherako urak hartzen dira, eta jarraian kutsatutako ur horiek Arabako lur landuak ureztatzeko erabiltzen dira. “Ur horiek ureztatzeko erabiltzen jarraitzea zentzuzkoa iruditzen zaizue? Orain egiten den bezala, Krispiñako araztegiko lohiak nekazaritza-konposta egiteko erabiltzea arrazoizkoa da zuentzat?”, galdetu die Becerrak batzordera bertaratu direnei.