- Eusko Jaurlaritzak produktibitatea hobetzeko eskainitako laguntzek ez dute emaitzarik lortu.
- CETA merkataritza libreko ituna indarrean jartzeak erremolatxaren prezioak beheratu ditu Europan, azukrearen inportazioak handitzeko aukera ematen duelako.
EQUO Berdeak alderdiaren ustez erremolatxaren sektoreak Araban desagertzeko arrisku handia du, eta neurri agroekologikoen aplikazioak salbatuko dute hondamenditik.
Alderdi berdeak euskal erakundeei beren politikak aldatzeko eskatu die. Eusko Jaurlaritzak produktibitatea hobetzeko eskainitako laguntzek ez dituzte nahi ziren emaitzak lortu. Arabako erremolatxa ez da lehiakorra ez kostuei ezta hektareako produktibitateari dagokionez ere, ezartzen diren neurriak okerrak direlako. “Ureztaketa bultzatzen da, eta Frantzian antzeko etekinak lortzen dira lehorrean; fungizidekiko erresistenteak diren espezieen erabilera errazten da, baina aldi berean ongarritze nitrogenatua handitzen da, eta horrek onddoen garapena errazten du. Horrela sektorea ez da krisitik aterako”, adierazi du Elkarrekin Podemosen dagoen EQUO Berdeak alderdiko legebiltzarkide José Ramón Becerrak Eusko Legebiltzarreko Ekonomia Garapeneko batzordean.
Becerrak azpimarratu du irtenbidea neurri agroekologikoak hartzea dela, adibidez laboreak txandakatzea, materia organikoarekin eta lastoarekin ongarritzea, ureztaketan ur-kontsumoa murriztea edota lehorreko laboreak garatzea.
Era berean gogorarazi du laboreak klima-aldaketara egokitu behar direla, lehortea, izozteak, txingorra eta beste mehatxu batzuk areagotuko baititu, batez ere nekazaritza-ustiategi txikietan eragina izango dutenak. “Upeltegien jabe handiek, adibidez, euren uztak aseguratzen dituzte, baina jabe txikiek ez dute hori egingo ez daudelako ziur mahatsaren prezioak asegurua harpidetzearen kostuak estaltzeko aukera emango ote dien” adierazi du Becerrak. Legebiltzarkide berdeak Nekazaritzako Politika Bateratua (NPB) berehala erreformatzea eskatu du, labore eta aseguruentzako laguntzak nekazari aktiboengana, landa lantzeaz bizi direnengana, iristeko.