- Alderdi ekologistak PPri eskatzen dio aukeratu duen errepresio-bidea bertan behera utzi eta elkarrizketaren bidea har dezan, horixe baita gatazkak konpontzeko bide bakarra.
Kataluniako erreferendumaren deialdiaren ostean izan diren azken gertaerak ikusirik, EQUO Berdeak alderdiak honako hau adierazten du:
Katalunian, beste autonomia-erkidego batzuetan bezala, identitate-sentimendu desberdinak bizi dira elkarrekin, guztiak ere legitimoak, eta PPren Gobernuak ez die horiei guztiei erantzun egokia eman. Kataluniako herritarren borondateari muzin egin dio denbora askoan eta askoan, erantzukizunetatik ihesi eta elkarrizketari eta Kataluniako prozesuari elkar ulertzetik eta negoziaziotik heltzeari uko eginez . Oraingo honetan, arazo politiko bat konpontzeko botere judizialean bilatu du babesa, legea modu interesatuan interpretatuz, eta, azken buruan, arazo politiko bati zigor- eta polizia-erantzuna emanez.
Horregatik guztiagatik, EQUO Berdeak alderdiak zeharo gaitzesten ditu estatuko segurtasun-indar eta -kidegoek garatutako esku-hartze poliziala, instalazioen erregistroa eta Generalitateko ordezkari politikoen atxiloketa, askatasun eta eskubide zibilen aurkako erasoaldi autoritario baten aurrean gaudela uste duelako.
Alderdi ekologistak PPri eskatzen dio aukeratu duen errepresio-bidea bertan behera utzi eta elkarrizketaren bidea har dezan, horixe baita gatazkak konpontzeko bide bakarra.
EQUO Berdeak alderdiak berretsi egiten du askatasunaren, demokraziaren eta eskubide politiko eta sozialen alde hartu duen konpromisoa, eta herritarren lurraldeko, gizarteko eta beste edozein alorretako gaien inguruan erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna aitortzen duen printzipio politikoa aldarrikatzen du.
Alderdi berdeak bere elkartasuna adierazten die Katalunian errepresio politiko eta antidemokratikoa jasaten ari diren pertsona guztiei. Horregatik guztiagatik, EQUO Berdeak alderdiak bat egiten du gaur Katalunian gertatutakoen aurka protestatzeko gaur arratsalderako deitu diren kontzentrazioekin.