Irabazi Donostiaren ustez Miramar Jauregiaren etorkizuneko edozein erabilerak ez du justifikatzen lorategien azpian aparkaleku bat egitea
Irabazi Donostia udal-taldeak (Ezker Anitza-IU, EQUO Berdeak eta independenteek osatutako plataforma) adierazi dugu Miramar jauregiaren azpian aparkaleku bat egitearen aurka gaudela, higiezinari etorkizunean ematen zaion erabilera edozein izanik ere.
Udal-gobernuari Miramar jauregiaren etorkizuneko erabileren proposamena definitzeko eskatu diogu, haren jarrerak kontraesanak dituelako. Gobernu-taldearen ustez beharrezkoa da aparkalekua egitea, baina aldi berean auzotarrek bost milioi eurotik gorako gastu hori ‘onestea’ nahi du inkesta baten bitartez. Kontsultaren emaitzak adierazi du interesdunen erdiak dagoeneko garajea badutela, eta horietatik ia heren batek ibilgailu bakarra duela. Datu horiek ikusita, “obra horretan espekulazio-osagai handia ikusten dugu, eta hori hirian ibilgailu pribatuen trafikoa murrizteko ahaleginekin bateraezina da”.
Miramar Jauregia ekitaldi ugari egiteko erabiltzen da, besteak beste aurten XXXVI. edizioa bete duten EHUren udako ikastaroak, eta aparkalekurik ez izatea ez da inolako oztoporik izan ikastaroak egiteko.
EQUO Gipuzkoak Irabazi Donostia koalizioan duen zinegotzi Loïc Alejandrok lurpeko aparkaleku-proiektuak Miramar inguruneko zuhaitzetan izan ditzakeen afektazioak aipatu ditu, tamaina handiko hainbat espezimen dituelako. “Ez dugu nahi Cristina Eneko arrapalan gertatu dena errepikatzea. Gogoan izan behar dugu Ingurumen Sailak gune horren kudeaketan izan duen garrantzia oso txikia izan dela. Ekin baino lehen proiektu horrek izango dituen afektazioak ezagutu behar ditugu”, azpimarratu du Alejandrok.
Irabazi Donostiak lanean dihardu hiriaren erdialdera sartzen diren ibilgailu pribatuen sarrera mugatzeko, horrela Donostiak dituen zirkulazio- eta kutsadura-arazoak murriztu ahal izango baitira