EQUOk, Ezker Anitzak eta independenteek osatzen duten Irabazi Donostia udal-taldeko zinegotzi Loïc Alejandro eta Amaia Martínek uste dute EAJ eta PSEren udal-gobernuak soilik batzuentzat bakarrik “eusten diotela” presio fiskalari, eta ez familia donostiarren gehiengoarentzat, eta bi alderdiak gehiago ari direla pentsatzen 2019ko hauteskundeetan herritarrengan baino.
Zinegotziek adierazpen horiek egin dituzte udal-gobernuak abuztuaren 1ean aurkeztu zuen zerga eta tasen proposamena aztertu ondoren. Era berean, Martin eta Alejandrok beren taldeak gaiari buruz egin dituen zuzenketen eta proposamenen berri eman dute.
Martinek adierazi du Eneko Goia alkateak eta ogasuneko zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak “tranpa egin zutela herritarrei adierazi zietenean 2018rako presio fiskalari ‘eusten zaiola’”, izan ere, udal-taldeko bozeramaleak adierazi duenez, “hondakinen bilketa % 5 igotzea eta ura eta saneamendua % 3 igotzea “eustearen” guztiz kontrakoa da, are gehiago EAJ eta PSEren udal-gobernuak bi funtsezko zerbitzu horiek legealdi honetan % 18 eta % 11 igo dituztenean, hurrenez hurren”.
Irabazi Donostiaren ustez, udal-gobernuak “bizkar ematen dio” Donostiako herritar gehienen errealitateari, izan ere, Sustapen Sozietateak egindako azken urteko azterlanaren (“2015eko Hiri Ekonomiaren Barometroa”) datuen arabera eskura dagoen familia-errenta hiriko auzo GUZTIETAN jaitsi egin baita, jaitsieraren batez bestekoa % 7 izanik.
Alejandroren arabera, “BPGarekin gertatu denaren guztiz kontrakoa” aurreko bi urteetan metatutako igoera % 6tik gorakoa baita, eta aurten beste % 3 igotzea espero da, eta beraz metatutako igoera % 9tik gorakoa izango da. “Hala ere”, udal-gobernuak proposatu du Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga 2018an “izoztea” (negozio-zifra milioi 1 eurotik gora duten enpresengan du eragina); BPGaren % 9ko igoera horren aurrean, EAJk eta PSEk, “zerga hori % 2 besterik ez dute igo legealdi honetan”.
Era berean, Irabazi Donostiako zinegotziak adierazi du gasa eta ura hornitzen duten enpresek eta telefonia mugikorrekoek espazio publikoa erabiltzeagatik ordaintzen dituzten tasek “izoztuta jarraitzen dutela”. Enpresa horiek guztiek IBEX-35ean kotizatzen dute eta euren etekin garbiak % 66 handitu zituzten iaz (Telefonica eta Iberdrola buru izanik), “eta horregatik tasen igoera erabat justifikatuta dago” gaineratu du Alejandrok