Berresten dugu Euskal Y-a ez dela beharrezko proiektu bat, eta ez duela ahalbidetuko Europarekin abiadura handiaren bidezko konexiorik izatea

  • Frantziako Gobernuak Iparraldean abiadura handiko proiektua erretiratuko duela adieraziz egindako iragarpenaren ondoren, alderdi ekologistak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio bere planak berriz azter ditzala, Frantziako agintariek egin duten bezala

Frantziako Gobernuak Iparraldean abiadura handiko proiektua erretiratuko duela adieraziz egindako iragarpenaren berri izan ondoren, EQUO Berdeak alderdiak uste du sobera frogatuta geratu dela Euskal Y-a huts egindako proiektua dela, beharrezkoa ez dena, ez baitu Europarekin abiadura handiaren bidezko konexiorik izatea ahalbidetuko, ez bidaiarientzat ezta salgaientzat ere.

Alderdi ekologistak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio bere planak berriz azter ditzala, Macronen Gobernuak egin duen moduan, proiektutik erretiratzea erabaki baitu. SNCF trenbide-konpainiako zuzendariak joan den astean baieztatu zion jada Iparraldeko Mankomunitateko presidente Jean Rene Etxegarairi Hendaia eta Baiona bitarteko trenbide-tartea trenbide konbentzionalaren ibilbidea hobetzeko egokituko dela, eta horretarako lanak datorren urtean hasiko direla.

Frantziak Hendaiako mugaraino abiadura handiko linea bat egingo ez duela iragartzen duen berriak agerian uzten du gobernu guztiek, Euskadikoak eta Espainiakoak izan ezik, lineen errentagarritasun ekonomikoari jarraikiz proiektatzen eta ebaluatzen dituztela abiadura handiko lineak. Izan ere, Frantziako Kontu Auzitegia linea hori egitearen aurka agertu zen ekonomikoki bideragarria ez zelako.

EQUO Berdeak alderdiaren ustez Eusko Jaurlaritzak ihes egin dio betiere gogoeta-jardun horri, Euskal Y-ak eskatzen dituen milioi askoko inbertsioak inoiz ere ezin izango direla berreskuratu jakinda ere.

Bi gobernuak, Euskadikoa eta Espainiakoa, kritikatu ditu alderdi ekologistak ekonomia obra publikoko inbertsioen bidez suspertzearekin setatuta daudelako, eta kasu honetan, adibidez, euskal Y-aren inbertsio horiek ez dira baliagarriak, ez baita argitu inbertsio horien errentagarritasuna, ez soziala ezta ekonomikoa ere.