Elkarrekin Podemosek Legebiltzarreko Mahaiari proposatu diogu politika industrialari buruzko osoko bilkura monografiko bat egin dezala ahalik eta lasterren, irailean Legebiltzarreko jarduerari berriz ekin bezain pronto.
Horretarako, Legebiltzarreko gainerako taldeen babesa –guztiona, salbuespenik gabe– eskatzen dugu, proposamenak aurrera jarraitzeko gutxienez ere bi talderen babesa lortu behar baitu.
“Espero dugu gainerako taldeek gure gonbidapenari baiezkoa ematea. Gizarteak ez luke ulertuko erantzuna ezezkoa izatea. Une honetan etorkizuna kolokan duten milaka langileek ere ez”, adierazi du EQUO Berdeak taldeak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide José Ramón Becerrak.
Azken asteotan enpresa industrialak lekualdatu edo ixteko iragarpen ugari egin dira, baita enpleguen azkentze-espediente ugari aurkeztu ere, eta milaka euskal langile hartzen dituzte eraginpean, zuzenean nahiz zeharka.
Azken gertakariek argi uzten dute Eusko Jaurlaritzaren politika industriala huts egiten ari dela, hala enpleguari eta egungo sare industrialari eusteari nola desagertzen ari diren jardueren lekukoa hartzeko gai diren proiektu berrien erakarpenari dagokienez. “Ezagutzen ari garen ia kasu guztietan Eusko Jaurlaritza rol nagusia ari da jokatzen, eta ia beti txarrerako. Fagor-CNA, CEL, General Electric, La Naval, Xey, Ofita… Argi eta garbi geratzen ari da Eusko Jaurlaritzaren politika industrialaren porrota sekulakoa dela”, adierazi du atsekabez Becerrak Eusko Legebiltzarrean egin duen prentsaurrekoan.
EQUO Berdeak taldearen ustez, XXI. mende honetako Europako panorama postindustrial konplexu eta aldakorrean biziraun behar duten proiektu industrialentzat 90eko hamarkadako politika industriala aplikatzen ari dira.
Eta hala eta guztiz ere, industria Euskadiko BPGaren % 22a eta gure erkidegoko enpleguaren % 23a da oraindik ere. Horregatik ezinbestekotzat jotzen dugu noraez hori zuzentzen lagunduko duen eztabaida serio eta lasaia egitea. Euskadik politika industrial sendoa, koherentea eta agente sozial guztiekin adostutakoa behar du. “Euskal industriaren etorkizuna Euskadiren etorkizuna da. Eta horrek duen garrantzia ikusita beharrezkoa da gure desadostasun politikoak alde batera uztea eta denok elkarrekin hausnarketa egitea, modu kritiko baina konstruktiboan”, azpimarratu du Becerrak.
Hori guztia kontuan izanik, proposatzen dugu politika industrialari buruzko osoko bilkura monografiko bat ahalik eta lasterren egiteko deialdia egitea.