- Sustapen Ministerioak 2015ean aurkeztutako proiektuak salgai-konboien trenbide-trafikoa nabarmen haziko dela aurreikusten du, orain egunean bi noranzkoetan dabiltzan 19 tren izatetik 72 tren izatera, hain zuzen ere.
- Epe ertainean, Bizkaiko aldirietako C1, C2 eta C3 lineen egungo trenbide-adarrek aldirietako bidaiari-trenen maiztasuna gutxitu beharko dute, salgai-trenen mesedetan.
Rosa Martínez Elkarrekin Podemos -En Comú Podem-En Marea alderdiko Bizkaiko diputatuak eta EQUOko kobozeramaileak galdera bat erregistratu du Kongresuan Trenbidearen Hego Saihesbidea egiteak eta martxan jartzeak bidaiari-trenen ibilbidetik pasatzeko maiztasunetan zer nolako eragina izango duen jakiteko.
Salgai-konboiak Ezkerraldeko eta Meatzaldeko herriguneen erditik igarotzea saihestuko du Trenbidearen Hego Saihesbideak, eta, horrenbestez, zarata eta salgai arriskutsuen garraioari lotutako arriskuak murriztea lortuko da.
Haatik, Sustapen Ministerioak 2015ean aurkeztutako proiektuak salgai-konboien trenbide-trafikoa nabarmen haziko dela aurreikusten du, orain egunean bi noranzkoetan dabiltzan 19 tren izatetik 72 tren izatera, hain zuzen ere. Aurreikuspen horiek betetzen badira, litekeena da, epe ertainean, Bizkaiko aldirietako C1, C2 eta C3 lineen egungo trenbide-adarrek aldirietako bidaiari-trenen maiztasuna gutxitu behar izatea salgai-konboien eskariari erantzuteko. “Zirkunstantzia horrek oso ondorio negatiboa izango luke mugikortasunean, jende asko bizi baita gune horietan”, Martínezek adierazi duenez.
Horregatik guztiagatik, galdera bat aurkeztu du, honako gai hauei buruzko erantzuna lortzeko, horrek guztiak aldirietako trenen lineen maiztasunean izango duen eraginaren inguruan: beharrezko azterlanak egin al dira onartutako proiektuak aldirietako lineetan zer nolako eragina izango duen jakiteko?; zer maiztasun-aurreikuspen egiten da?; zer irizpide lehenetsi dira maiztasun horren murrizketa ontzat emateko?; noren esku dago trenbide-adarren erabileran lehentasuna finkatzeko erantzukizuna?; horrelako klausularik biltzen al da Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenean?
Bestalde, informazioa eskatu du Sustapen Ministerioak landutako “BILBOKO TRENBIDEAREN HEGO SAIHESBIDEA, I. FASEA” azterlan informatiboari egindako alegazioei buruz. Gobernuak berak onartu zuen gai horri buruzko erantzun batean, 2016ko abenduaren 12an emandakoan, “jasotako alegazio kopuru handiaren eta alegazio horietako batzuen eduki zabalaren ondorioz”, alegazioen zegokion azterketa egiten ari zirela. Martínezek galdetu du noiz dagoen aurreikusia azterketa hori argitaratzea, eta aurreikusi ote den, eta nola, alegazioak proiektura biltzea, orain akordioa lortu baita jada 1. Fasea egikaritzeko