- Alberto Bezunartea zinegotzi berdeak adierazi du pozik dagoela plana idazteko garaian lortutako adostasunarengatik, nahiz eta hainbat gai garrantzitsu ez diren kontuan hartu, hala nola Irabazi Legazpik proposatutako frackinaren aurkako neurriak
“Legazpi Klima 2030” Plana ekaineko osoko bilkuran onartuko da; plan horretan, klima-aldaketara egokitzeko eta klima-aldaketa arintzeko hemendik 2030era bitarte Legazpin aplikatuko den estrategia biltzen da. Gai hori jorratzeko bilera asko egin dira eta bilera horietan modu aktiboan parte hartu du Irabazi Legazpik, ekarpen ugari aurkeztu baititu. Koalizioaren lanaren oinarria klima-aldaketaren, biodibertsitatearen, jasangarritasunaren, energia-eremuaren eta mugikortasun jasangarriaren, eta, jakina, hondakinen kudeaketaren inguruko proposamenak egitea izan da. Gizarte-eremuan ere egin dira ekarpenak. “Ekarpen horietako asko txertatu dira planean, baina gure ustez oso garrantzitsuak diren beste gai batzuk, hala nola frackinaren aurkako neurriak, ordea, ez dira sartu”, kexatu da Irabazi Legazpiko EQUO Berdeak taldeko zinegotzi Alberto Bezunartea.
Zinegotziaren ustez, azken dokumentuak “funts handirik ez duen arren, ondo dago abiapuntu gisa”.
Atalka aztertuta, klima-aldaketari, biodibertsitateari eta jasangarritasunari dagokienez, Irabaziko kideek fatxada eta teilatu berdeei buruz eta hiriguneak kanpoko berdeguneekin lotzeko korridore berdeei buruz eta hiri-baratzeei buruz egindako proposamenak nabarmendu dituzte. Energiari dagokionez, honako hauek nabarmendu dituzte: energia berriztagarria sortzeko Legazpin dagoen potentziala zein den jakiteko azterketak edo energia berriztagarria sortzeko instalazioak udal-ekipamenduetan nahiz komunitate-proiektuetan ezar daitezen edo energia berdea (% 100ean egiaztatua) kontrata dadin bultzatzea. “Era berean, guk eskatuta, energia-pobrezia aztertzeari eta jardun-protokoloak egiteari emango zaio garrantzia. Mugikortasun jasangarriari dagokionez, udal-flotaren elektrifikazioa eta oinezko eta bizikletazko mugikortasunaren sustapena nabarmendu behar dira”, zehaztu du Bezunarteak.
Hondakinei dagokienez, Gordailu-, itzulketa- eta berrerabilera-sistema ezartzea nabarmendu dute, baita berrerabilera eta murrizketa sustatzea ere konponketa-establezimenduak eta bigarren eskuko establezimenduak bultzatuz. Era berean, etxebizitzaren eremuan, Cohousingaren kontzeptua sartu da.
Irabazi Legazpik espero du hurrengo urteko aurrekontuetan beharrezkoak diren aurrekontu-partidak kontuan hartzea onartutakoa ezerezean ez geratzeko. “Dokumentu dinamikoa da, denborak aurrera egin ahala egokitu beharko den eta indarren arteko korrelazioak Udalean ahalbidetzen duenean oraindik gehiago sustatu beharko den ibilbide-orri bat”, amaitu du Bezunarteak.