Ingurumen Sailaren eta Osasun Sailaren arteko koordinazioa eskatzen dugu airea kutsatuta dagoen kasuetarako

EQUO Berdeak taldeak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide José Ramón Becerrak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ezarritako airearen kutsadura-atalaseak gainditzen diren kasurako informazio- eta jardun-protokoloak abian jartzeko eskatu dio Ingurumeneko sailburu Iñaki Arriolari.

Becerrak adierazi duenez, airearen kutsadurak osasunean nolako eragina duen jakin nahi du jendeak, eta gaur egun ez dago protokolo idatzirik datuak udaletara helarazteko edota Osasun Sailarekin koordinatzeko. “Elkarrekin Podemosek idatzizko galdera bat igorri du Euskadiko lau hiri nagusietara, gaur egun larrialdi-kasuetarako informazio- eta jardun-protokolorik ba ote duten jakiteko, eta erantzunak benetan kezkagarriak izan dira. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon, ez dago horrelako protokolorik”, azpimarratu du Becerrak Legebiltzarraren Kontroleko Osoko Bilkuran.

Becerraren ustez, hobetu egin daiteke Jaurlaritzak airearen kalitatearen kontrolari dagokionez agertutako jarduna. Lehenik eta behin, araudian ezarritako informazio- eta alerta-atalaseak gainditzen diren kasuan administrazioek informazio- eta jardun-protokoloak abian jartzeko egin beharreko jardunen koordinazioari dagokionez. Eta bigarrenik, OMEk hainbat kutsatzailetarako ezarritako mugak gainditzen diren kasuen azterketari dagokionez, airearen kalitatea hobetzeko egungoak baino hobekuntza-plan zorrotzagoak finkatu ahal izan daitezen. “Halaber, Jaurlaritzaren kontrol-estazioek airearen kutsadura-mailak nola neurtzen dituzten aztertu beharko litzateke”, gaineratu du Becerrak, Ekologistak Martxan taldeak egindako txostenak erabiltzen diren metodo eta baliabideei dagokienez jasotzen dituen kritikak direla eta.