José Ramón Becerra legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Batzordean defendatu du ikastetxeetan arian-arian sukaldeak egin behar direla, hori nahi duten hezkuntza-komunitateek beren instalazioetan janariak prestatzeko aukera izan dezaten.
Elkarrekin Podemos legebiltzar-taldeak EH Bilduk aurkeztutako mozioa babestu du Eusko Jaurlaritzari norabide horretan pausoak eman ditzala eskatzeko, eta proposamena azkenean erdibideko zuzenketa gisa sartu eta onartu egin da.
“Gobernuak eskola-jantokien alorrean izan duen politika porrot ekonomikoa eta kudeaketa-porrota izan da, eta premiaz aldatu beharra dago hori eskola-populazioak elikadura arduratsuagoa, osasungarriagoa, deszentralizatuagoa eta gardenagoa izan dezala ziurtatzeko. Eta gainera enplegua sortzea ere ahalbidetzen du, tokiko merkataritza eta hurbileko elikagaien produkzioa sustatuz”, Becerraren hitzetan.
Testuan Gobernuari eskatzen zaio, baliabideak mugatuak direla kontuan izanda, sukaldeak egiteko lanei lehentasuna eman diezaiela, hezkuntza-komunitatearekin adostu ondoren, gatazkak eta konparaziozko bidegabekeriak saihesteko. “Gu ere ados gaude eraberritze-lanak egin behar dituzten ikastetxeetan lehentasunez jardutearekin, baita hezkuntza-komunitatearen aldetik horretarako eskaria dagoen ikastetxeetan ere”, zehaztu du Becerrak, zeinak Gobernua kritikatu duen cateringean oinarritutako kudeaketa-ereduaren alde egin izanagatik. “Gaur egun, kudeaketa zuzeneko sistemak indarrean daramatzan hamabost urteko aldiaren ondoren, bere garaian zeuden sukaldeen % 23 geratzen dira soilik. 120 ikastetxe eskas sukaldearekin eta 384, aldiz, otordu-zerbitzua erabiltzen, eta eredu aseptiko, urrun, hotz eta garestia da hori, elikadurari lotutako balio eta jakintzak ikasleei helaraztea ahalbidetzen ez duena, eta hori ere hezkuntzaren zati da”.