- Arasur plataforma logistikoa azpiegitura bat da, eta Eusko Jaurlaritzak azpiegitura horren akzioei dagokienez % 10eko partaidetza soila izanagatik, 2.336.000 euro bideratu ditu terminal berria egiteko
- Araba Logística SA enpresa da plataformaren jabea, kapitalaren % 88 esku pribatuetan dago sozietate horretan, eta alderdi pribatuak ez du dirurik jartzen terminal horretarako
Elkarrekin Podemos taldeko EQUOko legebiltzarkide José Ramón Becerrak Eusko Legebiltzarraren Kontrol Bilkuran salatu du Arasur berrabiarazteko funts publikoak bideratzen ari direla, kontuan izanda enpresa horren kapitala esku pribatuetan dagoela, ez duela inoiz mozkinik izan eta ez duela zergarik ordaintzen. Hori gorabehera, Eusko Jaurlaritzak, % 10eko partaidetza soila izanagatik, 2.336.000 euro bideratu ditu Arasur plataformaren terminal berria egiteko, plataforma horren jabetza Araba Logística SA enpresari dagokiolarik, bere kapitalaren % 88 esku pribatuetan duen sozietateari (Kartera 2, SLU % 43,98 eta Merlin Parques Logísticos SA % 43,98), hain zuzen ere. Haatik, terminalerako dirua erakundeek jartzen dute, eta enpresa pribatuek, aldiz, ez dute zentimorik ere bideratzen.
Xehetasun gehiago emanez, Becerrak adierazi du Merlin Parques Logísticos SA Bartzelonan kokatutako enpresa dela, Madrilgo beste enpresa baten filiala izanik (Merlin Properties SOCIMI).SOCIMI (Higiezin Inbertsioko Sozietate Anonimo Kotizatua) sozietate horiek Sozietateen gaineko Zerga ordaintzetik salbuetsita dauden enpresak dira (% 0), eta % 95eko hobaria ere badute Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan. “Diru publikoa lurrak erosteko, lurzoruaren erabilerak aldatzeko eta enpresa pribatu baten mesederako baino ez den azpiegitura bat egiteko baliatzen dugu, enpresa horrek, gainera, zergarik ordaintzen ez duelarik, baina… non dago interes publikoa? Zein da errentagarritasun ekonomikoa euskal herritarrentzat?”, salatu du Becerrak, eta gehitu duenez, “baliabide publikoak xahutzen dituzte 50 milioi eurotik gorako zorra duen enpresa pribatu bat berrabiarazteko, zeinak ez duen inoiz mozkinik izan, ezta krisialdiaren aurretik ere, haren salmenta-bolumenak % 24ko jaitsiera izan duelarik 2014tik 2015era bitartean”.