Bizkaiko Golkoko itsaspeko interkonexio elektrikoaren ingurumen-inpaktuari buruz galdetu dugu

  • Rosa Martínezek galdetu du interkonexio horiek zergatik hartzen diren lehentasunezko proiektutzat % 100ean berriztagarria den sistema elektriko bat lortzera edo Euskadin autokontsumo elektrikoa garatzera bideratutako beste neurri batzuen kaltetan

Espainiako Sare Elektrikoaren (REE) eta Frantziako Réseau de Transporte d’Électricité (RTE) Sare Elektrikoaren ekimenez proiektatu den Bizkaiko Golkoko itsaspeko interkonexio elektrikoari buruzko galdera bat egin du Legebiltzarrean Elkarrekin Ahal Dugu alderdiko diputatu eta EQUOren kobozeramaile Rosa Martínezek.

Espainiako Sare Elektrikoaren aurreikuspenen arabera, litekeena da Euskaditik Akitaniako eremuraino eramango den lurpeko interkonexio berria egiteko obrak 2019. urtean hastea eta obrak egikaritzeko epea bost urtekoa izatea. Itsaspeko tartean, loturak 280 kilometroko hedadura izango luke. REEk eta RTEk (haren kide frantsesa) urte asko daramatzate proiektua lantzen. Interkonexio horrek korronte zuzenarekin eta 2×1000 MW-ko potentziarekin funtzionatuko du. Energiaren Batasunaren helburuak lortzen lagunduko dute Europako energia-sareak konektatuko direlako, horniduraren segurtasuna areagotuko delako eta garapen jasangarria lortuko delako iturri berriztagarriak sartuz, Erkidegoko Gobernuak emandako azalpenen arabera.

Baina interkonexio elektriko horren kostua handiegia dela uste duten aditu batzuek emandako iritziei Energiaren Nazioarteko Agentziaren zuzendari exekutibo Fatih Birolen iritzia gehitu behar zaie, Fatih Birol eszeptikoa baita interkonexio gehiago ezartzeari buruz; izan ere, “zaila izan daiteke eta denbora asko beharko litzateke. Ez da aukera bakarra energia berriztagarriak gehiago sartzeko”, adierazi du. Birolek adierazi du badirela beste alternatiba bideragarri batzuk: sare elektriko indartsuago bat edukitzea eta elektrizitate-biltegiratze eskuragarria izatea, bai eta eskaerari erantzutea ere.

Argudio horiek kontuan hartuta, Rosa Martínez diputatuak galdera bat erregistratu du eta hainbat gairi erantzungo zaiela espero du. Obren epeei eta finantzaketa-ehunekoei buruz galdetu du, baita ingurumena errespetatutako dela bermatzen duen azterlanik egin ote den ere, eta horretarako teknologia hoberenak erabiltzea eskatu du. Martínezek, halaber, galdetu du zer arrazoi dauden interkonexio horiek lehentasunezko proiektutzat hartzeko, % 100ean berriztagarria den sistema elektriko bat lortzera edo Euskadin autokontsumo elektrikoa garatzera bideratutako beste neurri batzuen kaltetan.