María Jesús Aguirre Irabazi Eibarko zinegotzi berdeak udal-eremuan sustatutako neurrien bitartez klima-aldaketaren aurka borrokatzen laguntzeko mozioa defendatu du joan den astelehenean egindako azken udalbatzarrean.
Proposamenak EAJren babesa izan du bakarrik, EH Bildu abstenitu egin da eta PSEek kontrako botoa eman du, onarpena eragotziz.
“Eibarren ez gaude klima-aldaketak eragiten dituen ondorioetatik kanpo. Fenomeno horri tokian tokitik hasi eta globaleraino heltzen zaio. Hemen, gure udalerrian, gure politika bereziak antolatu behar ditugu fenomeno hori geldiarazteko. Ezinbestekoa da ekonomia, hiria, lana eta giza harremanak, hau da, bizitza antolatzeko erabiltzen dugun modua erabat aldatzea. Has gaitezen hurbilen daukagunetik”, adierazi du María Jesús Aguirrek, EQUO Berdeak Irabazi alderdian duen zinegotziak.
Ezker Anitza-IUk, EQUOk eta Alternativa Republicanak osatutako koalizioak egindako proposamenean Gobernu Taldeari eskatzen zaio bultzada sendoa eman diezaiela sei neurri zehatz hauei:
- ibilgailu publikoetan ibiltzea –ahal bada, zero emisiodunak, elektrikoak edo hibridoak– ez ezik, oinez eta bizikletaz ibiltzea ere sustatuko duen garraio-sare jasangarria
- eraikin eta etxebizitza autosufizienteen energia-birgaiketa sustatzea Eibarren energia ez xahutzeko eta ibilgailu motordunetan egindako joan-etorriak murriztera bideratutako lurralde-plangintza egiteko
- berdegune gehiago izatea “bero-irlaren” sentsazioari aurre egiteko
- hondakinen berrerabilerari, birziklapenari eta murrizketari dagokionez aurrera egitea zabortegiak behar dituzten egungo kudeaketa-ereduen aurrean
- basoen, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren ustiapen jasangarria berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko
- aurrezpenean, efizientzian eta energia berriztagarrietan oinarritutako energia-eredua garatzea urgentziaz eta eredu hori batez ere eraikin publikoetan ezartzea